Politikaren Tinderra

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko ots. 28a, 08:30

Politikan, Tinderreko kanpaina pertsonaletan bezalaxe, gakoetako bat da norberak bere buruaz erakusten duen irudia —eta, batez ere, ezkutatzen duena— ondo kudeatzea. Horren araberakoa izan daiteke ahaleginaren arrakasta: borondate oneko bikotekidegai zintzoena izan zaitezke, baina argitaratu duzun argazkia eskasa bada, edo zure buruaren deskribapena zozoegia —edo, okerrago: estridenteegia—, nekez jasoko duzu match-ik. Finean, dena da jarraitzailearen fideltasuna lortu arteko marketina.

Joko hori alderdientzat ere ezinbestekoa da: egoera bakoitzean irudi egokia ematen jakitea. Eta inguruotan hainbat eredu dauzkagu ikasteko. Badira, esaterako, une oro komeni den aurpegi eta mezua prestatzen maisu-maistrak diren alderdi kamaleonikoak. Bistan da aurpegi guztiak animalia berarenak direla, eta euren artean maiz kontraesankorrak, gainera. Baina ez dio axola: hor daukagu, adibidez, EAJ, Bizkaiko Tinderren enpresei ezer aldatuko ez dela agintzen, eta aldi berean Gipuzkoan, kaixomaitia.eus-en Euskal Herriaren independentzia promesekin kamelatzen saiatzen. Match-match.

Gero, badira aniztasun handiagoa eduki bai, baina beti argazki bera argitaratzen dutenak: kuadrillarekin sagardotegira joan zirenekoa. EH Bildu, horren adibide: kosta egiten zaio berezkoa duen aniztasuna islatzea, eta aurkariek maiz eta erraz itzularazten dute betiko formetara. Eta betiko jendearen match-ak jasotzeko, bada, ez zoaz Tinderrera: tabernara zoaz.

Eta, azkenik, badaude erakusten dutena eta ezkutatu beharko luketena nahiko modu kaotikoan kudeatzen duten alderdiak. Madrilen menpe daudenak izan ohi dira, aginte gorenaren eta bertsio lokalaren arteko talkak daudenean reality show bihurtzeko joera dutenak, gainerako guztiok euren miserien aditu fidel bihurtuz. Jakina: imajinatu zer gertatuko litzatekeen Tinderreko argazkia zure gurasoek aukeratu nahiko balute. Ba hori.

Osorik irakurri