Hitzorduak Eroskin

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko mar. 27a, 00:00
Europako komunikabide batzuei kasu egiten bazaie, arrisku publiko berri bat sortu da konfinamendu neurriekin batera: coronaparty deitu dieten hitzordu klandestinoak, axolagabe osasuntsuek egiten dituztenak oraindik neurri orwellianoak hartu ez dituzten tokietan.

Albisteen estiloak berak zuhurtziara gonbidatzen duen arren —histeriazko garaiotan, lehenbiziko pentsamenduak beti joan behar luke komunikabideen uneko produkzio eskasiarantz—, ez gintuzke gehiegi harritu behar: konfinamendua ezarri den moduan ezarrita, denbora kontua baino ez zen.

«Lasai, dena kontrolpean daukagu» zen lehenbiziko kontsigna agintarien partetik, baina gezurra zen: ezer ez zeukaten kontrolpean. «Inon baino test gehiago egiten ari gara», gero; eta, aldi berean, sintoma argiak zeuzkan jendea etxera bidaltzen ari ziren behin eta berriz. Paraleloki, poliziak eta militarrak atera zituzten kalera, bigilantziazko giro batean jendea are gehiago intimidatzeko eta izutzeko. Abusatzaileen paradisua izan behar du egoera honek.

Konpromisoa eta ardura norberaren onbidean eta elkarrekiko kontrolean oinarritutako zerbait dela ulertzera eman digute: salaketan, albokoa ez ulertzean, humanitate ezean. Bakoitza molda dadila ahalik eta hoberen, eta hor konpon aldamenekoa. Ardura komunitariotik sortutako laguntza sareak erridikulizatu eta oztopatu nahi izan dituzte, jendeak ardura osoz eta batez ere erantzukizunetik jokatuko ez balu bezala.

Jendea ume baten moduan tratatzen baduzu —arduragabe, kontrolatuta eta beldurtuta—, horixe jasotzen duzu bueltan: jendeak ere ume egoskor baten moduan erantzutea. Beraz, halako mezuekin ez dadila inor harritu etxeetan festak antolatzen hasten badira edo Eroski Grindr-eko hitzorduetarako eszenatoki bihurtzen bada: estilo autoritario horren aurrean errebelatzeko modu bat besterik ez da.

Osorik irakurri