Beharrezko distantzia

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko mai. 15a, 08:00

Bi hilabete nork bere etxean igaro ostean, lehenbiziko aldiz egin dute topo kalean. Adiskidearen begirada iheskor eta urduria sumatu du filtrodun maskararen atzetik: berari ari zaio hizketan, baina arreta gehiago du jarria inguruan gertatzen den guztian. Sumatzen du bestearen deserosotasuna. Biraoka hasten da norbait hurbilegi pasatzen bazaio ondotik; espazio guztiak beteegi daudela iruditzen zaio, etxetik irteteaz damutu balitz bezala. Adiskideak aitortu dio hainbat egun kostatu zaiola, ez zela paseoak baimendu zituzten lehenbizikoan atera, ezta bigarrenean edo hirugarrenean ere. Nahiago dituela euri egunak, jende gutxiago dabilelako.

«Albokoak bai, egunero ateratzen dira, behin baino gehiagotan», kontatu dio, gogo txartuta: «Goizez eta arratsaldez paseora, eta tartean, erosketak, ogia, txakurra, umeak... Bisitak ere jasotzen dituzte». Bi hilabeteotan inguruan izan dituen ia pertsona bakarrak arbuiatzera iritsi dela pentsatu du, baina ez dio ezer aipatu adiskideari: «Badakizu, arduragabeak toki guztietan daude». Tarteka munduak bueltaka jarraitzen duela gogorarazten zizuten bakarrak izan arren.

Elkarrizketa laburra eta azalekoa izan dute, kalean egoteko arauen neurrikoa. Etxera kafea hartzera eta elkarrizketa normalago bat edukitzera gonbidatuko balu ere, adiskideak zalantza egingo lukeela pentsatu du: bera ere susmagarria da oraintxe, arriskutsua. Deseroso eta triste eten dute bi hilabetean edukitako lehenbiziko solasaldia, eta nork bere bakardade ezagunerako bideari ekin dio ostera: irratia entzuteko, behintzat, ez da maskararik jantzi behar, uhinetatik iristen diren mezuek, sarri asko, kalera irteteko are arrazoi gutxiago ematen dituzten arren. Izu hau birusaren epe luzeko beste albo-kalte bat dela pentsatuz doa etxera: badaki beharrezkoa dela distantzia fisikoa, baina tristetu egin da distantzia psikologikoa ez dutelako urtzen asmatu.

Osorik irakurri