Askatasunarena

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko mai. 29a, 00:00

Urruneko kontua eman zezakeen hasieran: AEBetako manifestari trumpistak pistolak erakutsiz protestaka, birusaren aurkako neurriek euren askatasuna urratzen zutela-eta ernegatuta.

Askatasuna da, han, polizia zuri baten belaunak George Floyden lepo beltza bost minutuz nahieran zanpatzea, mugitzeko aukerarik gabe; beltzen aurkako delituek zigor leunagoak jasotzen dituztela jakinda.

Minneapoliseko Poliziak ateratako ohar baten arabera, «atxilotuak eskuburdinak ipinita zeuzkala ohartu ziren osasun arazoak zeuzkala, antza».

Osasun arazoak. Belaun bat lepoan.

Hurbilago, Madrilen, Granadan eta Bartzelonan, askatasun berberaren izenean dihardu Espainiako eskuinak, berak ere bere adar armatua daukala erakutsiz: Guardia Zibila. Txosten judizialak neurrira egiten dituen polizia bat, testu sinesgaitzenak ere Justiziaren zirrikituetan sartzeko modua daukana, askatasunaren defendatzaileen atseginekoa ez den edozer aurrean eramateko: berdin da osasun krisiaren kudeaketa, Martxoaren 8a, edota aliantza politiko berriak apartatuta egondako sektoreekin. Zigorra ez dator kudeaketa bat edo beste aukeratzeagatik, gauzen ordena minimoki aldatzeagatik baizik. Orduan mintzo dira askatasunaz. Dozenaka adibide jar genitzake inguruotan, baina etxe honen memoriari euste aldera, gogora ekar genitzake Euskaldunon Egunkaria-ri buruzko txosten polizial kafkarrak, eta Madrilen erreakzioa, egunkariaren itxiera «euskaldunen askatasunaren izenean» etorri zela argudiatuz.

Gutako batzuek orduan ikasi genuen, 12 urte bete berritan, Polizia eta Justizia maiuskulaz idatzi behar direla, izen eta izaera propioak dituzten erakundeak direlako, estatuen barruko estatu eta estamentuak, eta haiek askatasunaz ari direnean ez direla gureari buruz ari: askatasunaren ordez, egiaz pribilegioak esan nahi izaten dutela, AEBetatik honaino.

Osorik irakurri