Normalizazioaren neurria

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko ots. 26a, 00:00
Azkenean atera dira argitara aspaldiko grabaketak: Intxaurrondoko guardia zibil buru bat, CESIDeko koronel bati azaltzen nola «joan» zitzaien eskua Mikel Zabalzari poltsa egiterakoan. «Poltsak gardena izan behar du, bizitza ikus dezan», azaltzen dio, enpresako kafe gelan lankide batek besteari erabiltzen duen programa informatikoaren xehetasunak deskribatzen dizkion eran. Euskal Herrian destinatutako polizia espainiarraren know-how, torturaren ohikotasunaren neurria erakusten duen tonuan.

Beraiek eta guk normalizatu baitugu tortura, hitzaren zentzurik okerrenean. Umetan, inork azaldu gabe ikasi genuen zer zen poltsa, zer bainuontzia. Herriko plazan jolasten ginen, Arranoko balkoian zintzilikatutako muralaren azpian, Unai Romanoren aurpegi puztuaren begiradapean. 14 urterekin aditu genuen Nekane Txapartegiren lekukotza epaitegian. Bagenekien, inork azaldu gabe, atxiloketen osteko lehenbiziko bost egunak zirela arriskutsuenak.

Eta beraiek ere normalizatu zuten. Nekez ahaztuko dut Madrilgo kazetari entzutetsu batek nola kontatu zigun behin, inork galdetu gabe, halako eta halako guardia zibilek zelan azaldu zioten «azkenean nola kantatu zuen» ETAko buruzagi batek. Irriz kontatzen zuen, afalosteko bitxikeria bat balitz bezala, bere kontaktuez harro. Ohartu ere ez zen egin gutako inork ez ziola irribarre txikiena ere itzuli; aipamen harekin, bizkarrean hotzikara eragiten ari zitzaigula, memoria kolektibo ilun baterako atea zabalduta. Hor ohartu nintzen beste aldean tortura ez zela, nik uste moduan, tabu bat, ahoskatu ezinezko egia partekatu bat: aitzitik, umorea ere egiteraino onartutako zerbait zela. «Baina hau ezin dut kamera aurrean kontatu», esanez amaitu zuen kazetariak bere ikuskizuntxoa. Torturaren aitortza ofiziala iritsiko bada, aitortza horrek ez ahal du soilik haren existentzia erakutsiko, baizik eta, baita ere, haren normalizazioaren dimentsioa.

Osorik irakurri