Rocio Carrasco ote gara?

Erabiltzailearen aurpegia
Jaurlaritzak biolentzia matxista salatzeko daukan telefonoak ohi baino %30 dei gehiago jaso zituen joan den astean, Espainiako prentsa arroseko izar batek prime time-an bere lekukotza eman ondotik. Telefonoa kudeatzen duen elkarteak bi gertakarien arteko lotura egin du; antza, laguntza eske hots egin zuten emakume askok adierazi zuten Rocio Carrascoren esperientziarekin identifikatuta sentitu zirela hura telebistan ikusi ondotik.

Egunkari honetako zutabeetako batean, Telecinco efektua aipatzen zuen Haizea Barcenillak; hau da, Espainiako telebista kate ikusienaren gaitasuna, inolako eskrupulurik gabe biktimaren lekukotza emateko eta, aldi berean, erasotzailea famatzeko eta matxismo higuingarrienean oinarritutako edukiak sortzeko. Arrazoirik ez zaio falta: klik lehia betean dabiltzan komunikabideek badakite indarkeria matxista boxeoko ring baten moduan irudikatuz audientzia-puntuek gora egiten dutela.

Hala ere, datuek zer pentsatua ematen dute. Feminismo antolatuak hamarkadak daramatza auzo eta herrietan laguntza guneak, larrialdietarako telefonoak eta babes sareak eskaintzen, emakumeengana heltzeko asmoz. Baina gero, nahi baino maizago, emakumeok ez gaude horra begira: kosta egiten zaigu indarkeria gure egunerokotasunaren parte dela onartzea. Biolentzia salatzen dutenak seinalatu egiten ditugu maiz, ahapeka etiketatu, edota euren egoerari logika bat eskaintzen dioten esplikazioak bilatzen ditugu.

Patriarkatuaren amarru indartsuenetako bat da pentsatzea indarkeria beti dela «besteek», «ahulek», «tresnarik ez dutenek» sufritzen duten zerbait, ez guk. Inork ez du biktima publikoa izan nahi; agian horregatik kostatzen zaigu gure hurbileko emakumeekin identifikatzea, baina erreakzionatzen dugu elite eta izarrek ere #MeToo salatzen dutenean: ahulen eta baliabiderik gabeko biktimen iruzurra begien parean hausten zaigulako, beharbada.

Osorik irakurri