Erupzio bat Gazteluko plazan

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko eka. 11a, 00:00
Aitortuko dizuet: gipuzkoar inozenteenaren pare iritsi nintzen duela urtebete Iruñera. Zarautzen banengo bezala, euskaraz egiteko asmo osoz sartzen nintzen taberna dotoreetara, eta, lagunen irri artean, bi edo hiru bider errepikatzen nion tabernariari, erritmo posible guztietan, «zu-ri-to-bat» nahi nuela. Haren aurpegia itxitako ate bat izaten zen sarritan, ordea. Aurki ikasi nuen eskubideen diskurtsoak, seguruenik, hormaren aurka jotzeko besterik ez zidala balioko; edo, kasu onenean, jendearen begietara Pertsona Oso Abertzale gisara agertzeko… eta horrek ere ez ninduen gehiegi motibatzen.

Nafartzea bertako ekosistema ulertzea da. Muturreko tenperaturak dauzkagu hemen, atmosferan zein gizartean: toki berean bizi dira kontserbadurismo kasposoena, euskararen aurkako jarrera militante bat, eta, aldi berean, herri mugimendu irudimentsu, konplize eta alai bat, hain zuzen ere bere aurkako testuinguruaz jabetzen delako dena hain bizia; badakielako dena daukala irabazteko.

Eta horrek mugimendu sismikoak eragiten ditu, geologikoak eta sozialak. Geroz eta jende gehiago bizi da, geroz eta naturalago, euskaraz; aurten, %28k egin dute selektibitatea gure hizkuntzan. Kultura bor-borka dago. Eta, aldi berean, badago etengabeko militante sentipena gainditzeko gogoa: euskaraz bizitzeko baino, bizitzeko eta euskaraz. Horretara heldu da Laba, aurki auzolanean zabalduko den gunea, non eta Iruñeko bihotzean, Gazteluko plazan. Euskarak lokal eder bat du bertan eskura, orain erreformatu behar dena, uda ostean kulturgune, sormen-laborategi eta kafetegi gisara zabaldu ahal izateko. Atzo abiatu zuten diru bilketa, eta uztailaren 14ra arte egongo da ekarpenak egiteko aukera. Iruñerriko euskal komunitateak bere buruari eta Euskal Herriari egiten dion oparia izango da; konplexurik gabeko bizitzari eskainitako topagune berri bat.

Osorik irakurri