Jarraituko al dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko eka. 18a, 00:00
Senide batekin hizketan, kezkatuta ageri zen: 17 urteko alaba elikadura gehitxo kontrolatzen hasi zela pandemian, etxeratze agindua indarrean zenean. Fenomeno zabaldua da, antza: Bartzelonako Sant Joan de Deu ospitalearen arabera, %45 handitu dira nerabeen buruko arazoak aurtengo lehen hiruhilekoan.

Ziurtasunak falta diren garaietan, norbere gorputzari egin dakiokeena da, maiz, zerbait kontrolatzearen sentsazioa ematen duen bakarra.

Gustura galdetuko nioke psikologoren bati nola funtzionatzen duen beldurrak; zein mekanismo-sorta inkontzientek operatu duen gure buruetan azken urte eta erdian, eta sortu ditugun egitura mental berri horietatik zeintzuek iraungo duten hemendik aurrera. Segurtasunezko bi metro ez, baina bi urrats mantentzen jarraituko al dugu elkarren artean, albokoak zerbait kutsa diezagukeelakoan? Desagertuko al da inoiz lapurtutako denboraren sentsazioa, maite ditugun askorekin ezin egoteagatik eta haietako batzuk ezin agurtzeagatik? Segituko dugu etxeetara ahalik eta jende gutxien sartzen? Sendagaiei buruz laborategi izenen arabera hizketan jarraituko ote dugu?

Pandemia honetan, denok sentitu gara uneren batean legez kanpoko: zuzenean etxe ondoko supermerkatura joan ordez auzoaren beste ertzekora joaten ginenean, mamu hirian paseotxo isila emateko; autoan nondik nora gindoazen zioten agiri egokiak ote geneuzkan ez genekienean; edo topaketa sozial bakoitzerako parte hartzaileak kalkulatu behar genituenean. Legez kanpoko sentitu gara, suminduta, oporretara edozein tokitara joan ezin dugula ulertu dugunean, eta legeak non kokatzen gaituen ulertu dugu ezin izan dugunean Bilbotik Iruñera eta Iruñetik Baionara mugitu. Sarritan, ez dugu arduraz jokatu, koakzioz baizik. Zer ondorio utz ditzake halako egoera batek gure buruetan, gure harremanetan, eta gure egiteko eta egoteko moduetan?

Osorik irakurri