Klik, pum

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko eka. 25a, 00:00
Bizitza laburra izan dute Urdaibaiko arranoek. Ekainaren hasieran jaio ziren kamerek sekula erregistratutako lehenbiziko arrano arrantzale albinoa eta haren bi anai-arreba. Lehena hiru egunera hil zen, gorputza ahulegi eta elikatzeko ezgai, eta beste biak ere aste honetan zendu dira, ekaitzetik ezin babestuta.

Webcamei esker, askok gure etxeetatik zuzenean ikusi genituen jaiotzen, eta, hara, tristura puntu bat eta guzti sentitu dugu bi albisteokin. Antza, ikusle batzuek Urdaibai Bird Centerrera ere deitu zuten, arrano albinoa erreskatatu eta artifizialki elikatu ezin ote zitekeen galdezka. Ornitologo gizagaixoak berehala saiatu ziren azaltzen errua ez zela eurena, animalia txiki gehienek daukatela oso bizi itxaropen eskasa, eta ez dela euren lana natur prozesuetan esku hartzea. Baina nola apaldu gure ernegazioa? Ene bada, non daude Gizarte Zerbitzuak behar direnean?

Izan ere, nola funtzionatzen duen enpatiak: behin zerbait telebistako pantailaren bidez gure etxera sartu denean, etxekoa bihurtzen da, gero kalean aspaldiko lagunak bailiran agurtzen ditugun Goenkale-ko aktoreen gisara. Obturadorearen eta bisorearen ikusmenetik at geratzen diren gertakari eta espazioek (kartzelek, migrazio bideek, paliatiboetako gelek) ez dute gure iruditerian toki esanguratsurik okupatzen. Horietan ez gara egon, ez dugu eurekin emozionalki konektatzen; baina, aldiz, egon gara Perseverance ontziarekin Marten; Obama Bulego Obaletik Bin Ladenen hilketan egon zen antzera.

Susan Sontagek ez zuen alferrik parekatzen argazkilaritza ehizarekin: kamerak («buruargien, aberatsen eta obsesioak jotakoen jostailuak») ikusten duen hartaz jabetu nahi dugulako egiten dugu klik, gertakari hori gure ustezko esperientzien kolekziorako pieza bat gehiago bihurtuz. Ez da soilik egoera horretara garamatzala; egoera hura gure etxera, gure eskura ere ekartzen dugu.

Osorik irakurri