Eneagramak

Erabiltzailearen aurpegia
Aste honetan jakin dut zer den eneagrama bat. Pertsonen izaerak sailkatzeko modu bat da: 135 galderako test batek bederatzi eneatipoetako batean kokatzen zaitu, eta horren arabera jakin dezakezu ea, esaterako, liderra, laguntzailea, garailea edo melankolikoa zaren.

Adiskide batek laneko elkarrizketa batean bete behar izan zuen testa. Enpresakoei ez zitzaizkien hainbeste axola haren titulazioak, masterrak eta gaitasunak: lantaldeko eneatipoak identifikatuta zeuzkaten, eta falta zitzaienaren bila zebiltzan, «taldea osatzeko». Adiskideak, langile fina izan arren, haietako baten izaera bertsua erakutsi zuen, eta, beraz, hautaketa prozesutik at geratu zen. Lan eskaintzan ez zuten jarri zortzigarren eneatipoak eta kaprikornioak nahi zituztela.

Ezin izan diot tentazioari eutsi, eta neuk ere egin dut testa, baina bi bider: behin, yogako klasetik itzulita, etxean bakarrik eta Bach jarrita. «Maite ditudan pertsonei zer gertatzen zaien jakiteko ahalegina egin ohi dut»: bai, noski, konexioa da bizitza honetan garrantzitsuena. Bigarren testa ostiral gau batez egin nuen, aste nekoso baten amaieran eta haurra negar artean lotaratu ostean. «Bidaiatzea, jende eta janari berria ezagutzea gustatzen zait». Ze bidairi buruz ari zara, eneatest, ze bidaia? «Bizitzan oreka puntua topatu dut». Oreka? Zer demontretaz ari zara?

Emaitza: yogatik bueltan natorrenetan, 9. eneatipoa naiz, Bakezalea. Konfiatua eta egonkorra, malgua eta irekia. Ostiral gauetan, aldiz, 4. eneatipoa naiz, Indibidualista, autokonplazentziarako zailtasunak dituztenetakoa. Beraz, lanerako kontratatu nahi banauzue, badakizue zein unetan bilatu behar nauzuen. Niri buruz baliozko beste zerbait jakin nahi baduzue, horoskopoan Aries naiz eta, Googleko lehenbiziko kalkulagailuaren arabera, Eskorpio aszendenteduna. Unibertsitateko titulu pare bat ere badauzkat eta laneko esperientzia apur bat, baina hori agian bigarren mailako kontua da.

Osorik irakurri