Gazteegiak

Erabiltzailearen aurpegia
Arga ertzeko nire joan-etorri motel eta monotonoetan, erakunde politiko baten kartela ikusten dut azkenaldian zutabe batean itsatsita: «Gazteegiak gara horren zoritxarrekoak izateko».

Leloak egunero sortzen dit galdera: «Horren?». Zenbat da horren zoritxarrekoa izatea? Zerotik hamarrerako eskala batean, zero baldin bada Global Training beka bat jasotzea Australiara joateko eta hamar, ia ezagutzen ez duzun norbaitek sexu bidezko gaixotasun bat kutsatzea, non dago Euskal Herriko batez besteko gaztea? XX. mendean langileak miserian biziko ziren, baina duintasunetik aldarrikatzen zituzten euren eskubideak. Baina gu gazte gara gazte, eta gaude oso triste: noiz hasi ote zen ezkerra errukiarekin kanpaina egiten?

«Gazteegiak». Ba ote dago zoritxarrekoa izateko adin egokirik? Zahartu ahala, gehiago merezi ote dugu? Agian, hori da ibilian-ibilian pilatzen goazen akats eta inkoherentziengatik ordaindu beharreko zigorra: gure iraganarekin bizitzea betirako. Agian, kartela egin dutenen begietara amildegi bat hasten da 30 urte betetakoan, edo nik ez dakidan zerbait dakite etorkizunaz.

Beharbada izango da hortxe nagoelako, hirugarren solairuko lehen eskaileran, Laboraleko visa beltza (beti bezain hutsa) estreinatu berri. Puntu zehatz honetan, modemak zarata egiten zuela oroitzen direnek bakarrik esaten didate gaztea naizela, baina, aldi berean, ez dauzkat aski ile urdin inon aginte posturik lortzeko (aski testosterona eta anbiziorik ere ez, seguruenik). Aulkiak oso toki erosoak iruditzen zaizkit orain. Kalean mozkortzen banaiz, inork ez du pentsatuko litroak egiten ari naizenik, baina ezta alkoholikoa naizenik ere. Kartelei begira gera naiteke haurrari merienda ematea bezain gauza ez-iraultzaileetan ari naizen bitartean. Agian, zoriona ez zen bilaketa aktibo baten bidez etorriko zen hura, baizik eta, besterik gabe, begirada patxadatsuago bat.

Osorik irakurri