Zertarako kontatu?

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko aza. 19a, 00:00
Azkenaldian bolo-bolo dabilkigu memoria. Jatorrian, frankismoan desagerrarazitakoen arrastoen bila zebiltzan elkarteena zen memoria historikoa: nolabait, liburu eta legeetatik ere desagerrarazitako izen eta bizitzak gogoratzeko aldarrikapen bat, memoria ofizialari kontrajarria. Orain, historikoa ez ezik, demokratikoa izan dadin legeak diseinatzen ari dira hango eta hemengo legebiltzarrak: denona izango den memoria bat, denon eskura dagoena. Izan ere, 2021ean oraindik trabak besterik ez daude iragana ezagutzeko: asko argituko luketen agiri polizial eta militarrak ez dira publikoak, eta, ikertzaile eta historialariek salatu dutenez, artxibategietako funtzionarioek «aktiboki blokeatzen» diete frankismoarekin lotutako dokumentaziorako sarbidea.

Aski larria da 36ko Gerrako eta diktadurako egiak (hitzezkoak eta hezurrezkoak) lurpetik ateratzeko lana elkarte eta norbanakoek borondatez egitea: berrogei urtez grabagailua aldean atez ate ibili diren horiei esker ez balitz, are lekukotza gehiago galduko genituzkeen. Instituzioen isiltasuna zuten alde batetik, eta, sarritan, protagonistena bestetik: «Zertarako kontatu?», galdetzen zieten, urteetako mesfidantzan gogortuta. Mina izan zitekeen transmisio faltaren kausetako bat, trauma; baina baita erabaki pragmatiko bat ere. Izan ere, zertarako aldarrikatuko dut sufritutako kaltea, hor kanpoan ez badago inor hura aitortzeko eta konpontzeko prest? Ez badago babesten nauen erakunderik? Gerra amaitu eta 65 urtera sortu zuten Memoria Historikoari buruzko lehenbiziko legea Madrilen; ordura arte, zer eskubide aldarrika zezakeen inon aitortuta ez zegoen biktima batek? Norberaren historia horixe zen: norberarena, eta etxe askotan inkrustatuta geratu da isiltasunaren araua. Horregatik esan du Paco Etxeberriak, arrazoiz, ikertzaileek ateratako egiak «ofizializatzeko» garaia dela: «Norbaitek esan behar du: 'Hau horrela izan zen'».

Osorik irakurri