Ez ikasteko eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko aza. 26a, 00:00
Katalunian berrogei urte atzera egin dutela dirudi. 2014an, auzitegi nagusiak ebatzi zuen ikasle batek eskatuz gero eskubidea zeukala ikastorduen %25 gaztelaniaz jasotzeko. Orain, harago joan da Gorena: ikastetxe guztiak behartu ditu lezioen laurden bat erdaraz ematera.

De facto, murgiltze ereduaren amaiera dakar horrek, eta eskuin muturraren beste garaipen bat. Ciutadans, izan ere, helburu bakar eta zehatz horrekin sortu zen 2006an. Katalan eta erdal hiztunen arteko diferentzia kulturalei buruz aritzen zen, diskurtso horrek errealitatean islarik ez zeukanean: katalanek bazekiten hain zuzen ere murgiltze ereduari esker leundu zituztela bestelako disparekotasun sozial batzuk. Are gehiago: 1983an hezkuntza osorik katalanez izan zedin eskatu zuten lehenak Santa Coloma de Grameneteko gurasoak izan ziren; Espainiatik iritsitako migratzaileak mobilizatu ziren euren seme-alaben ikasteko eskubideen alde.

Eredu horri esker, katalana kohesiorako tresna bihurtu da urteotan. Baina azken hamarkadako biraketa diskurtsiboak lortu du pertzepzio hori aldaraztea. Orain, aldarrikatzen den eskubidea ez da hizkuntza ikastea, ez ikastea baizik, epaitegi batek inolako konplexurik gabe argudiatzeraino «gaztelaniaren ezagutza» bermatu beharra dagoela. Eta beldurgarriena zera da: ez dela ezjakintasunetik datorren argudio bat. Inork ez du benetan sinesten gaztelania ikastea arazo denik estatu honetan. Falazia baten gainean idatzi dute egia judiziala.

Ciutadansek landatutako haziari uste baino erro sakonagoak hazi zaizkio, eta ez soilik eskuineko esparru politikoan. Gurean ere seinalatu dira ikastolak, seinalatu da euskalgintza, ulertarazi da hizkuntzaren inguruko kezka luxu bat dela, bestelako arazorik ez dutenei soilik axola zaien zerbait. Eta hortik hizkuntz eskubidea bera zalantzan jartzera ez daude hainbeste jauzi.

Osorik irakurri