Alokairua

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko eka. 17a, 00:00
Udazkena zen, 2016. urtea. Donostia bere kultur hiriburu karguko obligazioak betetzen ari zen, eta neonezko olatuak eta kutxa argiztatuak ageri ziren nonahi, G.-k eta A.-k bertan etxetxo bat alokatzea erabaki zutenean, kontsentsuzko bizileku egokia zelakoan: lehenbiziko aldiz biziko ziren elkarrekin bikotean, eta hobe bietariko inoren herrian ez bazen. Denek zortea zutela esaten zieten, epe luzerako alokairu bat topatu zutenean: logela bakarreko apartamentu izateko egokitutako lokal bat 750 eurotan, Ategorrietako behe solairu batean. Zortea izan zutela sinetsirik egokitu ziren 40 metroko espaziora, gauza gehienak gurasoen ganbaretan utzita. Jabeak eskainitako epe luzearen arrazoia bazekiten: hark bikotekide ohiarekin erosi zuen etxe hura, eta gutxira banatu zirenez, hipoteka ordaintzeko zeukaten oraindik. G. eta A.-ren alokairuak funtzio hori betetzen zuen. Giltzak emateko elkartu zirenean, jabeak kopeta zimurtuz galdetu zien zergatik ez ote zuten etxe bat zuzenean erosi: “Gero banatzen bazarete, alokairuan jarri eta kito".

Hiru urte iraun zituzten aterki hautsien hirian, ingurukoak apurka euren herrietara itzultzen edo kanpoaldeko auzoetara mugitzen ikusten. Geratzen zirenek geroz eta alokairu garestiagoetan sartzen jarraitzen zuten, etxebizitza erosteko behar beste aurreztu ezinik. Gaur egun, eta inguruotan bederen, errenta talde sozial prekarioenetatik egonkortasun gehien dutenetara (edo zuzenean, aberatsetara) transferitzeko mekanismo bat da alokairua, maizterrak are pobreago bilakatzen dituena eta ia inorentzat ez dena aukera ideologiko edo etiko bat, ezinbesteko bizimodu bat baizik. Pozik eztabaidatuko genuke haren inplikazio moral eta politikoei buruz, baldin eta etxearen ordainketa modua aukera libre bat balitz: hala ez den bitartean, postureorako balioko digute gaiari buruzko postura ideologiko gehienek, baina ez askoz gehiagorako.

Osorik irakurri