Urrezko gauak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko uzt. 15a, 00:00
Gaueko festa ekosistemetan saihestu behar diren espezieetako bat da urtean behin ateratzen den gurasoa. Bere urteko urrezko orduak gozatu beharraren antsietatez irteten da, eta gero gau erdia igarotzen du biharamunean haurrek goiz esnatuko dutelako negarrez.

Niri ere esana zidaten umearen lehenbiziko urteetan zaila izango zela arratsaldeko zortzietatik aurrera kalean gertatzen denaren berri izatea. Nolanahi ere, bi urteren ostean esan dezaket zailena ez dela guraso izanik festara ateratzea: benetan zaila dena, guraso izanik, bikotean festara ateratzea da. Bai, zuen bizitzak zaintza-txandetan antolatu aurretik zurekin ardoak hartzera ateratzen zen horrekin. «Guretzako tartea» hartu behar duzuela esanez pasatzen duzue urte erdia, baina beti du norbaitek zereginen bat, edo bezperan edo biharamunean, edo aitona-amonek ezin dute zaintzera etorri, edo haurra gaixorik dago, edo mundu guztia dago gaixorik. Azkenean auzoko festak iristen dira, eta gutxienez gau bat zuentzat gordetzea adosten duzue, lehen bezala parrandara ateratzeko. Eguna aurrera eta atzera ematen duzue haurra sorbaldetan, erraldoien eta txarangen atzetik. Etxeratzean, amonari telebistan westernak nola ipini erakusten diozue, eta ume hiper-estimulatuari afaltzen ematen saiatzen zarete. Hark ez du lotarako motiborik ikusten, noski; eta, beraz, ipuin-txandak egiten hasten zarete pare bat orduz. 22:00etan, lokartzeko zorian dagoela, tronpeta hotsak aditzen dituzu leihotik, eta umeak, begiak zabal-zabalik, jakinarazten dizu: «Ama, txatxanga bat!». Azkenean, lotaratu duzuenerako, 23:00ak dira, eta zuek, hondakin sortatxo bana bihurtuta, egoskorkeria hutsez ateratzen duzue zuen burua arrastaka etxetik, hauxe delako urteko zuen gau bakarra, dantzagune zalapartatsu bat zapaldu baino nahiago zenuketen arren amaginarrebarekin sofan westernak ikusten geratu.

Osorik irakurri