Epaitegietan aurrera

Erabiltzailearen aurpegia SOS Talaimendi 2019ko urr. 13a, 21:19

Asko dira Talaimendiko Etxetzarraren kontua zertan den galdetzen dutenak. Epaitegietako prozesuak aurrera doaz.

Azpeitiako Epaitegiek batetik bestera, aitzakiatik aitzakiara, traba batetik bestera, denbora pasatzen utzi dute. 

Ikerketa polizialak alde batera utzi dituzte, honekin batera ikerketa bide oro bertan behera utziaz; hori gutxi ez, eta fiskaltzaren eta salatzaileen eskaerei jaramonik ez diete egin.

 

AIRE KIROLARIAK, AKUSAZIO POPULAR

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren ebazpenetik bi ondorio nagusi irakur daitezke: lehena, 2018ko irailean hasitako instrukzio-aldia amaitutzat ematen dela; bestetik, Gipuzkoako Aire Kirol Federazioa bera akusazio popular modura aurkeztearen onarpena jasotzen du dokumentuak. 

 

Epaitegien jarrerak aztertu daitezen idatzizko kexak eta eskaerak egin berri dira. Hain zuzen, etxetzarraren lizentzian irregulartasunak salatzen zituen ikerketa poliziala kajoi batean uzteagatik eta epaitegien moteltasunagatik. Izan ere, bi urte pasa dira, harik eta 2018ko abenduan  eginbide hauek martxan jartzeko eskatu diren arte. Berandu eta gaizki.

Inor gertaera hauen nondik norakoak, xehetasunez irakurri nahi balitu, esteka honetan lituzke laburbilduta.

 

ELEMENTU BERRIAK IKERKETAGAI

Argiketa eginbiderik egin ezin izan bada ere, elementu berriak gehitu zaizkio ikerketari. Epaitegitako paperen artean ezkutaturik egon diren pertsonaia berriak nahasiko dira, erantzukizuna duten udaletxetakoak. Guzti hau, dagokion Epaitegiko dagokion auzibidera zuzenduko dugu, aipatu pertsonaiek Talaimendi inguruko galdera guztiak banan-banan erantzun ditzaten.  

Ziur gaude, orain artean atzera botatako galdetegiek pertsonaia hauek jendartera halamoduz ez agertzeko intentzio zuzena zutela. 

 

PROZESUAK AURRERA

Talaimendiko etxetzarraren afera eta Epaitegietako bideek oraindik ibilbide luzea izango dute. Legezko bide guztiak agortuko ditugu Etxetzarra nortzuk, nola eta zergatik eraiki zuten galdetzeko. Nortzuk, nola eta zergatik urbanizatu zuten urbanizatu ezin zitekeen lurretan eta Talaimendiko bide publikoak itxi.  Zergatik jarri zuten itxitura hura, zientzialari adituen txostenei jaramonik egin gabe, babestutako espezieen aurka doazenak zuzen-zuzenean. 

 

Babes Eremu Natural batean zergatik egin ziren landaketak galdetzen jarraituko dugu. Zergatik landatu ziren inolako kudeaketa plan eta dokumentaziorik gabe. 

 

Aurrera darraigu. 


Aurrera jarraituko dugu, laburbilduz, orain artean urratutako eskubide publikoak errespetatu eta berrezarri daitezen, interes partikularretatik haratago.