Lau edo bost?

Erabiltzailearen aurpegia

Talaimendiko etxetzarrari emandako ur hornidura eta instalazioaren baimena ematearen aurkako salaketa jartzea erabaki du PODEMOS-EQUO BERDEAK alderdi politikoak.

Zarauzko Udalak Foru Aldundiaren Lurralde antolaketako Zuzendaritza Nagusiaren txostenei eta irekita darraiten 4 prozesu judizialei muzin egin zien baimen hauek eman zituztenean. Zehatzago esanda: bi  auzibide kontentzioso adiministratiboan dira eta beste bi penalean. Hain zuzen, aipatu txostenek eraikinaren eta beronen sinisgarritasuna zalantzan jartzen dute.

Zarauzko Udalak, ez du imintziorik egin, ez du paper bat, txosten bat idatzi urbaniza ezin daitekeen lurzoruan eraikitzeko beharrezkoak diren gutxieneko baldintzak eskatzeko, etxetzarraren promotoreei. Ezta edateko uraren hornidura gisa honetako eraikuntza bati NOLA eman dakiokeen zuritzeko ere.

Kontraesana dirudien arren, dagoeneko jasanezina bihurtu da egoera. Ustezko delitu diren erabakiak ezin ditu Zarauzko Udalak mantendu. Ez, behinik behin, erabaki haiek hartu zituzten arduradunei dagozkien ondorioak eskatu eta pairatu gabe. Izan ere, Udal Plenoetan ikusi eta entzun ditugun galde-eskei emandako erantzunak antzuak izan dira.

Alkate Jaunak, 2018ko abenduaren 27ko plenoan ohartarazi zitzaionak,  2015eko abuztuaren 17an onartu zuen dekretuaren legezkotasuna arrazoitu egin beharko du. Beste modu batera esanda, etxetzarrari emandako lizentzia eta baimenak Lurralde Antolaketaren zein eskakizunetan non duen oinarria, sostengua.

Zaila da halako egoera bat defendatzea. Are eta gehiago arau urbanistiko eta lurralde antolaketarako ordenantzek kontrakoa diotenean. Hori gutxi ez, eta muturreko larritasuna bihurtzen da Alkateak artikuluan aipatu txostenak Udalean jaso eta aste gutxitara baimen eta lizentziak onartu zituenean. Azaldu ezina den egoera bat gehiago eta, itxura guztien arabera, epaitegietan amaituko duena. 

Oraindik sen ona balego, erabaki hauek baliogabetu eta astakeria urbanistiko honen uraren hornidura etengo balitz… ez lirateke esku-beteko atzamar guztiak zenbatuko Etxetzarraren auzibideak kontatzean: lau edo bost?