Laino-itsua

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2016ko aza. 17a, 09:47
«Euskaraz badaudela hitzak euriez, lainoez eta haizeez hitz egiteko...».

Aditu izan dugu inuitek badituztela ehun hitz baino gehiago elurra adierazteko; eta sinetsi egin dugu. Abisu eman digute hori ez dela horrela, kondaira ibiltari bat besterik ez dela, norbaitek zabaldu eta bolo-bolo gezurraren gurpilean pirritaka doan istorioa, baina, hala eta guztiz, guk sinesten jarraitu. Hain da poetikoa ehun izen edukitzea gauza bakar bat izendatzeko! Eta, nahi gabe, gure euskara koitadua datorkigu burura eta gutxitasun-sentipena bihotzera. Haiek ehun hitz badituzte elurrarentzat, zergatik ez guk ehun euriarentzat?

Izan, badugu hitz-zaparrada euriaren ingurua xehetasunez betetzeko. Esate baterako, euria mehea, aspergarria eta itsaskorra esateko hor ditugu euri-bisutsa, euri-lanbroa, euri-narratsa edo euri-lirdixka. Euri txikiari zirimiri deitzeko ohitura dugu, baina zergatik ez langarra, lantzerra edo lantxurda. Pasadakoan euri-tanta batzuk uzten dituen lainoari euri-negarra dario, eta langarra baino gehiago, baina zaparrada baino gutxiago da euri-laprazta. Guk nahi ez edo guk nahi baino gutxiagoko euriari euri-txistila, edo xirrista deitzen diogu, eta zeharo nazkatu gaituenenari euri-zirina.

Baditugu (joan berria zaigun asteak ekarri dizkigu gogora) euri-kolpeak, jasak, sarrastadak eta zaparradak eta asetzen ez denarentzat, baita erauntsiak ere.

Nik uste badirela nahikoa izen euriaren inguruan. Seguru asko ez ditugu ehun bilduko, baina nahikoa dira gure erabilerarako. Hortxe baitago benetako kakoa. Behar adina behar ditugu. Ez gehiago eta ez gutxiago. Eguneroko hizkeran behar ditugun adina.

Eguraldiaren hiztegi partikularren kontu hau joan den azaroaren amaierako fenomeno baten harira dator. Hor, egun pare batean sekulako lainoa izan zen Zarauzko ordeka-itsasertzean. Fenomenoa sortzen da tenperaturaren inbertsioa gertatzen denean, hau da, goietan epelago egiten duenean itsasertzean baino (ohikoa denaren alderantzizkoa). Goietako tenperatura altuagoek eragotzi egiten diete beheko aire heze eta hotzari gora igotzea eta goietan argi egonik ere behean laino egon ohi da, askotan eguerdiraino, eta egun berezietan, aipatutako urriko egun horietan gertatu zen bezala, egun guztian. Urdanetan 21ºC omen zeuden eta kosta-ertzean 16ºC. Kontua da, fenomeno horrek sortutako lainoari nola deitzen zaio?

Aita zenak zerrazoia deitzen zion. Badakit ez dela izen itxurosoa oso, baina pentsatu nahi dut badela itsasoan ibilitako jendeen artean izen hori ezagutzen duenik. Dena dela, euskaldun bakoitzaren burmuinean filologo bat bizi denez, han geunden guztiok egin genituen geure ekarpenak, eta han agertu ziren lanbro, bruma, gurma eta behe-lainoak. Zumaiar bat bitarteko (geure txokoan berezia dena ere azaldu behar, bada), taosa aipatu zen, baita erreka-laino eta terrala ere.

Esan nahi dut, euskaraz egon badaudela hitzak euriez, lainoez eta haizeez hitz egiteko; aukeratzean dagoela kontua. Esaterako, bada laino-itsua deitzen dionik laino horri, eta ez didazue esango ez dela dotorea eta egokia.

Egokia aukeratzean dagoela kontua, diot bigarren aldiz, eta, alderantziz, zabarkeriak sortzen duela belarriko mina. Lehengoan, eguraldia adieraztekoan «iparreko osagaiko haizeak» aipatu zituzten. Esango nuke «vientos de componente norte» gaztelaniaz ere ez dela oso zuzena, meteorologoen belarri zailduetan ez bada, baina ziur nago «iparreko osagaiko haizeak» oker dagoela, are gehiago «iparraldeko haizea» esatea nahikoa denean. Eta hitz hauek idazten ari naizen unean dabilen ipar gaizto edo ipar frantses haize mina ere hortxe sartuko nuke, iparraldeko haizeen artean, inongo osagairik gabe.