Iritzia: 'Ikurrak'

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2017ko ira. 28a, 10:00

Zerbaiten adierazgarri izan ohi dira ikurrak, eta badute zurikeria puntu bat: benetan ez diren zerbait irudikatzen dute. Badira ezkutuan gordetzen diren ikurrak (zer koloretakoa da Zarauzko bandera, zuria ala gorria?), eta baita oharkabean aldatzen direnak ere. Zarauzko armarriak badu balea bat beheko aldean, itsasoko olatu batzuen gainean, baina ahaztu duguna da duela berrogeita hamar bat urte itsaso gainean ez zegoela balearik, bihotz formako hiru hosto baizik.

Alboko irudia ikusitakoan, zenbait zarauztarri burura etorriko zaizkie aurreko mendeko hirurogeitaka urtetan Zarauzko ikur izan ziren iragarki erraldoi edo eskultura antzeko batzuk. Bi ziren, bat Azpeitiko bidean zegoen, gaur Vista Alegrerako biribilgunea dagoen horretan, Mininak baino gorago, eta bestea Allepunta inguruan, Getariatik Zarautza sartzeko bidean. Herriko ikur izan ziren, herriaren adierazgarri eta erakusgarri, baina gaur egun jende askok, zarauztar askok, ez du haien berririk.

Altuera handiko bi burdinazko tubo gurutzatu ziren, trabeska beste bat zutela. Trabeskako horretan txapa handi batean Zarauz jartzen zuen (frankismo garaian ez zegoen tz-rik), eta burdina luzeenetik esekita marinelen ikusizko hizkeran erabiltzen diren banderatxoak zeuden eraztun pare banatatik zintzilik. Han ere Zarauz jartzen omen zuen. Urtero pintatu eta txukundu behar ziren, eta halako batean, herdoilak edo ahanzturak alferrik galduta, kendu zituzten betiko.

Gaur, agian, herriaren ikurrago da Zarauzko Dama horko irudi zahar hori baino. Ikurrak aldatu egiten dira, berriro esanda ere. Edota ez dute gauza bera esan nahi guztientzat. Pragako Letna parkearen gailurrean, granitozko sekulako monumentoa ezarri zuten: hamabost metroko garaiera, hogeita biko luzera eta hamazazpi mila tona harritzar, sekula Stalini egin zitzaion monumenturik handiena. Agintea nork zuen adierazteko ikur erraldoia, boterearen ikur ikusgarria. Pragatarrek, ordea, beren umore beltz eta maltzurrarekin, galdetzen omen zuten harrizko pertsona-ilara luzearen aurrean Stalin ikusita: Zer egiten du gure nagusiak harakinaren errenkadan haragi-errazioa noiz jaso zain? Errazionamendu garaiak izan haiek Pragan!

1968. urteko udaberrian Txekoslovakian aginte komunistari ikuspegi gizatiarrago bat eman nahian aldaketak egin zituzten gobernuan, Errusiako komunismotik aldentzeko asmoa zuen gobernu berria izendatuz. Baina ez luzerako; udazkena iritsi baino lehen Varsoviako Paktuko tankeak sartu ziren Pragan, eta bukatutzat eman zuten (emanarazi zuten) Pragako udaberria eta komunismo gizatiarraren asmoa. Gero etorri zen kontrol zorrotza eta egurra.

Badakit ez dela itxura onekoa, baina orain Pragako tanke kontuetatik Katalunia aldera egin behar dut salto ikurren kontu honekin jarraitzeko. Katalanek aldatu egin nahi dute ikurra, aldatu bandera: izar bat jarri nahi diote. Baina ez da ikurra aldatzea bakarrik, beste zerbait gehiago da izar horren kontua: independentzia nahi dute katalanek, eta Espainiako gobernuak ez du erabakitzeko askatasunari buruzko ezertxo jakin nahi. Ikurrek sekulako indarra izan dezakete, pisu handia bihotz eta erraietan, eta indar hori ikurrarena baino ikurraren atzean dagoen jendearena da. Herritarren borondateak egiten du herria. Eta nazioa. Legeak eta aginteak baino gehiago. Buruaren arrazoiz baino gehiago erraien eta bihotzen indarrez egina izan daiteke herritarren borondatea, baina hori da herriaren indarra. Eta ikurrena. Eta hori da Espainiako estatuak ikusi ez duena, ikusi nahi ez duena, edota ikustea komeni ez