Iritzia: ‘Uste, ezuste eta ustekabeak’

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2017ko urr. 26a, 11:08
Torre Luzeako harri bat.

Jendeak “uste dut” esaten duenean izan ohi du, askotan, halako itxaropen bat, nolabaiteko konfiantza bat, uste duen hori gertatuko edo gauzatuko dela. Uste dut oraindik garaiz nabilela dioenak badu halako konfiantza apur bat, nahiz eta gero trena galdu…

Baina gure usteek ez lukete, beharbada, halako itxaropenik piztu behar. Ustea, azken batean, norberak zerbaiti buruz duen iritzia besterik ez da. Aztertuko ditugu zerbait horren itxurak eta aztarnak, ahaleginduko gara ondorioak ateratzen, baina azkenean, esandakoa, iritzia besterik ez da izango gure ustea, eta garbi dio esaera zaharrak: Usteak erdi ustel.

Esate baterako, nire lagun batek uste du Dorre Luzeako teilatuari eusten dioten harrien artean badagoela bat irudi landua duena. Animalia baten irudia, dio, hontza edo. Beste batek, aldiz, uste okertzat jotzen du hori, ez baitu irudiaren arrastorik ikusten, eta uste du urak eta haizeak eragindako higaduraren ondorioa besterik ez dela, alferrik galdutako harri bat besterik ez dela, alegia, eta ez irudidun euskarria.

Egia esan, arraro samarra dirudi gainerako harri guztiak ondo iraun eta bat bakarra higatzea era horretan, baina arraroa da, baita ere, luzera guztiaren erdialdean harri bakar bat izatea landutakoa. Hor doa argazkia eta bakoitzak zorroztu ditzala bere iritzi eta usteak.

Hainbat kontutan usteak, ezusteak eta ustekabeak nahasi egiten dira. Esaterako, gertuko norbaiten heriotza denean, duela gutxi osabarekin gertatu zaidan bezala. Maiz gertatzen zaigu, jakinaren gainean egon norbait larri gaixo dagoela, gertatzen denean ez izan ezustea haren heriotza, baina hala ere ustekabean harrapatu. Seguru asko oraindik ere, kasu askotan, gure ustea oinarri handirik gabeko itxaropenez kutsatua dagoelako izango. Usteak beti gezurrezko itxaropenez beteak, eta heriotzak beti ustekabean etorriak.

Hala eta guztiz, beste zenbaitetan nahikoa ondo egiten ditugu gure azterketak, eta aurrez dakigu gure iritziak ez direla oso oker egongo. Hilabete hauetan ezinbestekoa dirudi Kataluniako egoeraz hitz egitea, eta bakoitzak ditugu gure usteak. Lagun batek (ez lehengo biek, hirugarren batek) kontatu zidan urriaren batean Bartzelonan izan zela, eta hango jendearen duintasunez liluratuta etorri zela. Zioen, poliziari aurre egiteko, eta hauteslekuak babesteko, pertsona-hesian lehen lerroan jartzeko jende helduek eskaini zutela beren burua. Pentsatzen zuten egur-banatzaileei beti ere gogorragoa egingo zitzaiela aurrean zituenak gazte “txoroak” izan ordez bizitzan bide luzea egindako jende izatea aurrez aurre.

Hala ere, indarrez hesia haustera joan ziren polizia haietako batek hirurogeiak ondo beteak zituen emakume bati burua ireki zion, buruko ile urdinduei inolako errespeturik gabe.

Poliziek hesitik erretiratu zuten emakume zauritua berriro itzuli zen hauteslekuak babesteko jende-multzora, eta berriro lehen lerrora joanez, jo zuenari aurpegiratu zion gaztelania garbian:
Jakin nahi nuke nola adierazi behar diozun egin duzuna zeure amari, edo zeure semeari, baduzu. Jakin nahi nuke nola justifikatuko duzun egindakoa, nola esplikatu zergatik jo duzun zure amaren adina izan zezakeen emakume bat botoa emateko eskubidea defenditzen ari zenean.

Hor dago kontakizuna. Ikasgarria bezain hunkigarria da niretzat, baina ez harrigarria. Bagenituen aurrez gure iritziak, gure usteak. Ez da ezustea izan Espainiako indarren portaera. Baina, ingenuo inozo halakoa ni!, ustekabean harrapatu nau Espainiako indar “demokratiko” horien ankerkeriak.