Iritzia: 'Abioia'

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2017ko aza. 23a, 10:52

Iraganera begiratzean garai zaharrak datozkigu gogora, maiz, gaurkoaren zeharo bestelako mundu bat, askotan. Duela urte batzuk hegazkinak ez ziren orain bezain ugariak, eta ume-jendeak “abioa! abioia!” oihukatzen zuen halako bat ikustean.

Behin baino gehiagotan hegaldi baxuan zebiltzan aeroplano txikiak ziren, uda-partean-eta atzeko aldean oihal luzeetan iragarkiak zituztela zer gosaldu edo zein freskagarri hartu esaten zigutenak. Abioiaren atzealdeko oihalari banderola deitu ohi zaio gaztelaniaz eta banner ingelesez. Hitzen esanahiek nolako ibilera duten ikusteko apartak biak ere. Orain, iragarki gisa abioien atzeko aldean ipini ordez, balkoietan jartzen ditugu banderolak eta Interneteko leihoetan bannerrak; nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Atzera begiratzen dugunean, ordea, ez ditugu denok gauza guztiak indar berarekin ikusten, ez gogoratzen, norberak ditu bere oroitzapenak. Gu baino zaharragoei, gerraren izua ezagutu zutenei, beldurra eragingo zien, beharbada, hegazkin haiek, baina pozgarriak ziren guretzat, jolaserako baliatzen genituen: abioia! abioia!

Dena dela, denboraren joanean denoi zenbait gertakizunen oroitzapena lurrundu egiten zaigu, inguruko jendea kontu hura ezkutatzen saiatu zaigulako, edota geu gerok baztertu nahi izan dugulako. Nork gogoratzen du abioi bat Zarauzko hondartzan? Izan bi behintzat izan direlako hondar horietan egondakoak.

Bat, biplano bat, zahar haietakoa, orain dela ehun bat urte erakusketa bat egitera etorritakoa. Recuerdo de Zarauz pintoresco izeneko argazki-album batean dator haren berri. Herriko lehenengo zenbait argazki biltzen dira liburuxkan.

Bigarren abioia Mendi marrazkilariak bere lauki txiki horietakotan margotu izan du behin baino gehiagotan. Amagoia Gurrutxaga Urangaren Zarauzko postalak liburu ederrean historia laburtua dator, eta www.errepublika.org helbidean dago informazio gehiago. Bigarren abioi horren historia dramatikoa hauxe da hitz gutxitan:

Alfredo Espinosa Orive sendagile bilbotarra Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua zen Jose Antonio Agirre lehendakari zuen gobernuan, Union Republicana partidu politikoko sailburu bakarra.

Gerrako frentea Bizkaiko mendebaldera zabaltzen ari zen neurrian, ospitaletako gaixoen egoera kezkagarria zela eta, ingelesek babestutako Warrior ontzian (lehen Goizeko Izarra izena zuena) joan zen ekainaren 11n Frantziara Gorlizeko ume gaixoak hara eraman eta osasun-gai eta botikak erostera. Bidaian jakin zuen Bilbo faxisten esku erori zela, eta berehala hasi zen gobernuko gainerako kideekin elkartzeko ahaleginetan. Ekainaren 21ean Okzitaniako Tolosatik abiatu zen, beste zenbait lagunekin, Santanderrera iristeko asmoz. Bidean zihoazela, esan zieten abioiak matxura zuela eta lurreratu egin behar zutela. Bidaiariek uste zuten, agidanean, Biarritzen izango zela lur-hartzea, baina ez, Zarauzko hondartzan izan zen, orduan Villa Tarifa, gero Villa Deleitosa eta gaur egun ez dakit zer izen duen unean, Desertu Txikiko inguruan.

Lurrera iritsi orduko atxilotu zituzten. Aurrez bainu-kabina, toldo, aulki eta gainerakoak kenduak zituzten aeroplanoa erraz lurreratzeko. Saldu egin zituzten eta bazekiten etortzekoak zirela, Jose Maria Yanguas pilotuak egin omen zien traizio.

Lehenengo Narrosen atxilotu zituzten, gero Gasteiza eraman eta epaiketa sumarisimoa egin. Espinosa eta Jose Agirre militarra ekainaren 25ean (bost egun besterik ez atxiloketatik) fusilatu zituzten, bezperan Lauaxeta hil zuten leku bertsuan.