Iritzia: 'Esku-karroa'

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2019ko aza. 14a, 09:30

Alfer-lanetan ez ibiltzeko esan ohi zuten gure zaharrek; alegia, alferrikako lanak baztertu eta probetxuzko gauzak egiteko. Gaurkoan, ordea, haiei kasurik ez egitea erabaki dut: alfer-lanari ekin behar diot. Gaur egungo umeek ez dakite zer den gurdia (ezta jakin beharrik ere, ez baita erabiltzen), eta, hala eta guztiz, hortaz aritzea etorri zait gogora, alfer-lanean. Gurdia, orga, karroa, eskorga… behar-beharrezko tresnak ziren orain dela denbora gutxi arte, garraio txikirako, eta handi samarrerako; ezinbestekoak ia.

Gurdiak erabiltzen ziren karga astunak garraiatzeko. Manuelmarinean idi-pare ederrak izan ohi zituzten, eta haiek gurdiari lotuta harri eta material garraioan ibiltzen omen ziren oraindik etxeak harriz egiten ziren garaian. Geuk ezagutu ditugu Urdanetatik egurrez kargaturik herrira etortzen ziren gurdiak Erreusta okindegiko labeak berotzeko.

Gurdien ardatza eta bi gurpilak dena bat ziren; esan nahi da, egurrezko ardatzak gurpilekin batera ematen zuela bira, eta egurra egurraren kontra irrist egitean txistu egiten zuen: gurdien kantua. Ia beti pertika bakarrekoak ziren gurdiak eta abere pare bat uztartu behar zen gurdia eramateko. Baziren abere bakarrerako, baita hirurako, egindako uztarriak, baina ohikoa idi edo behi parea erabiltzea zen.

Antigoaleko gurdien ondoan sistema berria zutenak ere baziren: ardatz finkoa zuten eta gurpilak bakarrik zituzten birakari. Ez dakit beste lekuetan orga izena zuten, baina gurean karro deitu izan zaie. Karroak bi barakoak izan ohi ziren, eta horien artean astoa, mandoa, behorra edo zaldia joaten zen tiraka. Zaharrenak gurpil handikoak ziren, burdinazko hagunak (llantak) zituztenak; gero, gomazko gurpilak (automobilen erruberak) jarri zitzaizkien egurrezko gurpil handien ordez, eta karroak arinagoak eta erabilgarriagoak bihurtu ziren.

Zaldi-karro horien ondoan, baziren txikiago batzuk azienden ordez pertsonek erabiltzen zituztenak: igeltseroek, arotzek, errementariek… beren tresna eta kargak eramateko. Esku-karro horiek uhal luze bat izan ohi zuten tiraka ibili behar zuen pertsonak sorbaldatik pasatu eta erosoago egiteko.

Egitura txikiagokoak ere baziren, eta badira; horietako bat gurpil bakarrekoa da, Euskaltzaindiak eskorga izendatu duena eta guk beti karretilla deitu izan duguna, eta beste bat euskaraz nola deitu erabaki aurretik desagertzear dagoena, nire ustez.

Garai batean asko erabiltzen zen. Ez dakit badakizuen zertaz ari naizen. Gurpilak alde banatan zituen, lehengo esku-karroen antzera, baina egitura modernoagoa zuen. Errementariak burdinazko gurtetxea egiten zion eta arotzak oholezko zola jarri, eta han genuen esku-karro dotorea edozertarako: azokara barazkiak eraman, etxerako erosketak garraiatu, han edo hemen egindako obra txikiko hondakinak atera, bizkarrean eramateko astunegia zen zama era erosoan eraman…

Batzuek karrikotxe deitzen zioten, beste zenbaitek erremolke, pertikaren muturrean eraztun egokia soldatuz gero bizikleta edo motorraren atzean atoian eramateko baliatzeko modukoa baitzen. Nik neuk esku-karro deituko nioke (bakoitzak ditu bere apetak), baina izena jarri aurretik (ez du balio eskorga jartzea, hori gurpil bakarrekoak egin baitu bere) desagertu da gure kaleetatik edota saltoki handietako erosketa-orgak hartu du haren lekua, Euskal Jai egunetan ikus daitekeen moduan.

Esan didate Txilikutik Berdura plazara hainbat bidaia egin zituen esku-karro berdea oraindik bizirik dela Putzuzulo gaztetxean. Biei (karro eta gaztetxe) urte askorako bizia opa diet, baina esango nuke nire itxaropena baino astunagoa dela ezkortasuna.