Hitzak eta hutsak

Hemen irakurgai aste honetako 'Puntuka' atalerako Jose Mari Olaizola 'Txiliku'-k idatzitako iritzi artikulua.

Zenbait pertsona (neu horietako bat) hitz zaharren bila ibiltzen dira, amorratzen, konturatu gabe hitz horiek hitz hutsak direla, garai batean zerbait adierazteko gai zirenak, baina gaur beren balioa galtzeko zorian daudenak. Antigoaleko hitz zahar horiek maite ditugu, hala ere, eta ezin burutik kendu! Getariako norbaitek ere, seguru asko, estatxa, aspaldiko hitza, burutik kendu ezinean zuen birusak ekarritako kaosaren ondorengo kanpaina bat bultzatzekoan. Horrela dio deiak: «Heldu estatxa. Getariarron txanda». 

Kostaldeko marka darama estatxa hitzak, arrantzale-kutsua, itsaso-usaina. Polita da, bitxia. Eta, beste zenbait esanahiren artean, estropadetan traineru guztiak parekaturik irten daitezen patroiak hartzen duen irteera-balizako sokari deitzen zaio horrela. Metafora ondo ekarria dago: oraingo pandemia-ondorengo estropadarako presta gaitezen gogor, eta are gehiago herrian bertan, geu aurrena. Erabileraren hutsa beste nonbaiten dago, ordea, ez hitzean, ez metaforan. Hutsa dago heldu aditzak nori eskatzen duela: heldu horri, heldu emandako hitzari, «heldu estatxari»… Gure hizkeraren bitxikeria bat, badakit, baina hitz zaharrak gordetzea bezain gomendagarria dena. Eta hori bezalatsu, era berean, gero eta sarriago gaizki erabiltzen ditugun beste batzuk. Horrela, esan behar dugu: deitu zure lagunari, deitu hari, eutsi horri, eutsi zakuari, eragin kafesneari, eragin danbolin horri… Norbaitek esan dezake: zaharren kontuak; hizkuntzek aurrera egiten dute, eta gaurko euskarak nahiko aje baditu horrelako txikikerietan ibiltzeko… Baina oker dagoenari bere izenez deitu behar, eta hitzetan edota aditzetan huts eginez gero, hutsak huts.

Badira beste huts batzuk ere hitzetan. Semantikoak edo. Argituko dut esan nahi dudana. Aste honetan, borboien familiakoek egin diguten azkenaurreko iruzurraren ondoren, Kongresuan izan den eztabaidetako batean, Pedro Sanchez Espainaiko presidenteak zioen Espainiako errege Felipe VI.aren jokamoldea eredugarria zela (ejemplar, zioen).

Ejemplar? Eredugarria? Ez portzierto! Nola eredugarria? Eredugarria gure kontura bizitza osoa bizi den familiakoa, hamaika negozio ezkututan eta zikinetan ibilitako jendea, beren egoera eta estatusarengatik han eta hemen eskua sartu eta dirua biltzen duen jendea? Eredugarria? Jainkoak goarda horrelako ereduetatik! 

Pentsatu nuen Eibarko sozialista zaharren baten erraiak irakiten hasiko zirela presidente «sozialista» baten ezpainetan hitz horiek entzunda, hitz hutsa(la)k eta huts egiten duten hitzak direlako. Bide batez, gogoratu Eibarko euskarak izen txarra izan duela gure artean, eta pentsatu nuen gure txokokeriak baztertuz Eibarko euskarari aldarri bat egin nahi niokeela hemendik. Anekdota hau Oier Gorosabelen lumatik etorri zait, berak amari jasoa (bakoitzari berea, hori de legea). Honela dio:

«Ba omen zen aspaldikotxoko Eibar hartan Julian Gimon Rezola izeneko sendagile bat, Bergaran jaioa baina umetan Eibartutakoa; gorri samarra itxuraz, ANVkoa izan baitzen. 1931ko apirilaren 14an, errepublika aldarrikatu zenean, etxeko balkoian omen zegoen sendagilea. Kontatzen denez, etxean txori kantari bat zeukan, eta errepublikarekin batera herrira iritsi zen askatasun-gar beroak bultza eginda edo, dirudienez, kaiola zabaldu eta txoriari esan zion:

–Joan hadi! Heuk ere libre izan behar duk eta.

Kontua da, txori kantari hori preso jaiotakoa zela, eta kanpoan zelan ibili eta nora joan ez zekiena, eta kaiolatik irtetearekin batera medikuaren etxearen pareko agustinoen komentuko ortura joan zela. Orduan, Gimon medikua deiadarka eta estu:

–Eeeez! Horra eeeez! Hor ez zegok libertaderiiik!

Txoritxoak ere huts egin aukeratzerakoan!».