Klanaren babesa

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2021ko mar. 25a, 09:14

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k aste honetan Urola Kostako HITZA egunkariko Puntuka atalerako idatzi duen iritzi testua.

Ez dut uste koronabirusak gauza onik ekarriko duenik; ezkorra naiz horretan, ez baitut pentsatzen izurritea pasatu ondoren lehen baino pertsona zentzudunagoak eta hobeak izango garenik. Dena dela, izurriteak zenbait gabezia nabarmen utzi dizkio gure gizarte harroari.

Erakutsi digu, gure teknologia eta aurrerapen guztiak izanik ere, zein zaurgarriak garen; naturan oreka-hauste handiak sortzeko gai bai, baina ez deus hutsak haiei aurre egiteko. Nahikoa izan da bere txoko ekologikoan kalte handirik egiten ez zuen birus bati gure mundu globalizatuko ateak zabaltzea sekulakoak eta bi sortzeko. Beste behin ere, agerian geratu zaigu gure gizarte antolatua pikutara joan daitekeela ustez txikikeria bat den zerbaitengatik. Babesik gabe geratu gara, errukarri. Hori erakusteko balio izan du, bederen, birus madarikatuak!

Gure gizarteak norbanako bakoitzaren inguruan antolatua zuen osasun  eta zaintza sistema nabarmenki ahula agertu zaigu, hauskorra, akastuna, geuretzat eta geure kidekoentzat nahiko genukeena baino askoz eskasagoa. Gaixotasunaren aurrean ezintasunez betea eta erosotasun eta pertsonekiko berotasunik gabekoa, hotza, gogorra.

Urte askotan familia izan da norbanakoari babesa eskaini dion antolakuntza nagusia, baina, azkenaldian, eztabaidatua eta gaitzetsia izan da: balio hetero-patriarkalak errepikatzea egotzi zaio, familia tradizionalaren egitura zurrunegia dela esan da, eta abar. Ondorioz, azken berrogei urtetan, ohiko edo tradiziozko familia nuklearraz gain, beste familia mota asko aldarrikatu eta erreibindikatu ditugu: guraso bakarreko familia monoparentalak, familia homoparentalak, poligamoak, poliandrikoak, single edo pertsona bakarrekoak... Horiek guztiek badute beren izateko arrazoia, eta halaxe beharko zuten, egoera «ezohikoan» dagoen edonork eskubide osoa duelako bere bizitza nahi duen (edo ahal duen) moduan antolatzeko. Hala eta guztiz, esango nuke ohiko familia nuklearrari ihes egin nahiz, beste zulo batekin egin dugula topo; gure garaiko jainko nagusi bilakatu den indibidualismoari men eta amen egitera eraman gaituela, alegia.

Norbanakoaren askatasuna izan da antolaketarako ikuspegi nagusia eta helburua, eta norberaren askatasuna gai preziatua izanik ere, askatasunak ez gaitu babesten bakartuak eta ahulduak izatetik; lehen baino askeagoak bai, baina lehen baino babes gutxiagorekin geratu gara gehienetan. Izurriteak erakutsi digu gizarteak antolatutako laguntza sozialek ez digutela bermatzen nahiko genukeen bezainbat babesik eta itzalik. Beharbada ahaztu egin zaigu gizarteak eskaini beharko ligukeen laguntza ez dela norbanako bakoitzaren eskubidea, komunitatearena baizik. Ahaztu egin zaigu gizakion berezitasun nabarmen bat: kooperaziorako gaitasuna.

Horregatik, Paleolitiko aldera begiratzen jarri beharko genukeela iruditzen zait behin baino gehiagotan, familia nuklearretik haratago joango litzatekeetaldearen nostalgiaz. Klana edo talde zabala ez da maiz aipatzen, eta, beharbada,hori da talde gisa babes gehien eskaintzen duen antolaketa. Oinarrizko galdera da: nola egin horrelako talde handi funtzional bat? Orain baino lehenagoko baserrietan baziren era horretako familia hedatuak, etxean bertan bizi eta elkarbizitzan babesa indartzen zuten gizataldeak; gehienetan hiru belaunaldiko pertsonez osatuak, gurasoen loturatik urrutirago zihoazenak, osaba-izebak, aitona-amonak eta ilobak (zentzu zabalenean, iloba edo biloba) denak batera bizi eta antolatzen zi-ren. Beharbada babeserako klana errebindikatzeko garaia da gaur egungoa; maitasunak, adiskidetasunak, nahikidetzak, afizioak edo bizitzeko ikuspegiak elkartuko dituzten talde handiagoen garaia, norbanakoen eskubideetan baino taldekideen babeserako erlazioetan oinarritzen direnak, post garaietako klanak, ale-gia.