Bekatu mortala

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2021ko mai. 6a, 10:21
Munoako begiratokiaren azpialdea. (J.M. Olaizola Txiliku)

Hemen irakurgai Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako HITZA egunkariko Puntuka atalean egindako ekarpena.

Urola Kostako HITZA honetan idazkide izandako Iñaki Segurolak ohikoa du, azkenaldian, bere igandetako sermoi laikoa egitea Euskadi Irratitik, eta gustura entzuten ditugu, nik bai behintzat, haren hitz adeigabeak. Eta adeigabeak diot edozein gai lotsagabeki, era ausartean, ohiko iritzietatik at eta zurikeriazko errespetu izpirik gabe hartzen baitu ahotan hangoek edo hemengoek zer esango beldurrarekin ezer baztertu edo duda-mudetan jarri gabe. Azpeitiarraren sermoiek eta Zarauzko Munoapean egindako pasealdi zenbaitek ekarri naute hona, bekatu mortalez hitz egitera.

Zarauzko Munoak aspalditik zuen malekoi gainean eraikia itsasorantz zabaltzen zen begiratokia; ez da oraingo kontua, beraz, baina frankismoaren garaietan eraitsi egin zuten. Erortzeko arriskuan omen zegoen. Hala esan zuten. Eraisten hasi zirenean, ordea, ezin behera bota, eginahalak eginda ere. Dinamita erabili behar izan zuten malekoi gaineko eraikuntza hura lurreratzeko. Jendeak irribarre maltzurra zuen ezpainetan, eta esan zuen:

–Erortzeko arriskuan omen zegoan, hi!

Herriko jendeak paperetan agertzen ez diren arrazoiak izan ohi ditu, eta beste era batera ulertzeko zailak diren kontuak errazago ulertzeko balio izaten dute arrazoibide horiek. Hala, jendeak esaten omen zuen:

–Hor azpian egindako bekatu mortalengatik bota diate Munoako miradorea, ez erortzeko arriskuan zegoelako. Zein ziren, bada, bekatu mortal horiek?

Gerra ondorengo urte luzeetan militarren eta Eliza Katoliko atzerakoienaren itzala luzea izan zen leku guztietan, baina agian are luzeagoa herri txikietan, eta orduan Zarautz herri txikia zen, itxia, itoa… Bekatua kaleetan zehar paseoan ibiltzen zen, dirudienez, eta seigarren mandamentua zen, jakina, okerrena, piztia amorratu baten antzera zebilena, edonori hozka egiteko arriskua zekarrena.

On Meliton Pagola erretorea frankismoarekin batera etorria zen Zarautza esanez erlijio kontuetan aro berria iritsia zela, eta agintea noren eskuetan zegoen garbi erakustera. On Melitonen zorroztasunaren oihartzunak gaur eguneraino iritsi dira; apaiz hark zioen infernuko atea zela herriko dantzaleku bakarra; zioen helduan (al agarrao) dantzan behin egitea nahikoa zela neska bat Hijas de Maria kongregaziotik botatzeko, edo Luistarretatik, mutila bazen; hondartzara joateko nesken bainujantziak gonaduna behar zuela izan (beraz, debekatuak txaparro soilak!) eta ez zela zilegi Munoa azpiko ilunpe goxoan bikoteak elkartzea. Hala zioen.

Hor baitzen, Munoa azpian, haragikeria ezkutatzen zen lekua, tokiaren argi gutxiaren anparoan, beharbada. Sarritan aldatzen zituzten argiek ere hautsi edo alferrik galtzeko joera handia zuten, itxuraz, eta bikoteak itzalen artean arrima-arrima egotekoa. Horregatik bota omen zuten eraikina, bekatu mortalengatik, eta ez arriskuan zegoelako.

Franco hil ondorengoko agintari berriek nahikoa azkar erabaki zuten berriz altxatu behar zela lehen eraitsitakoa, agian zoko ilun haien gazte-nostalgia sentitzen zutelako, eta halaxe egin zuten, eta oraintxe arte hor dugu, zutik, nolabait… Zutik, baina beldurra ere ematen du han azpitik pasatzeak.

Lehengo haragizko bekatuen ordez, utzikeriak dirudi oraingo gure udal agintarien bekatua; Axularrek esaten zuen geroko gero hura. Erabat utzita baitago eraikina, zementupeko burdinazko saihetsak bistan direla herdoilak jota, eta ziri herdoilduen inguruko hormigoia zeharo altxatuta. Costas-ek noiz ordainduko, Madrildik dirua noiz etorriko edo Eusko Jaurlaritzak patrikak noiz arinduko, udala utzikerian eroria dagoela esango nuke. Zarauztarrok ohiturik gaude dagoeneko, baina gainean dugun udan udatiarrek lasai pasea dezaten hor azpian egizue konponketa txukun bat, jainkoarren! Bekatu mortala da eraikina utzikeria horretan edukitzea!