'Fagus'

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2021ko uzt. 1a, 12:50
2018an Euskaraz Bizi Etguna, Zarautzen. (Argazkia: Zarauzko AEK)

Gaurko Urola Kostako Hitza egunkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Azkenaldian latinarekin nabil borrokan eta ustekabean bazterretatik kukuka aritzen zait. Getarian, esaterako, Elkanoren jaiotetxea izandako orubeko paretan bada oroitarri zizelkatu bat dioena, beste hainbat gauzaren artean: IN DOMO QUI IN HOC SOLO ERAT… (soro honetan zen etxean…). Solo, soro latinetik gurera zuzenean etorritako hitza.

Batzuentzat kezka-iturri dira horrelako hitzak, latinaren edo beste hizkuntza arrotz baten kutsua dutelako barnean; ez luke hala izan behar. Hizkuntza guztiek hartzen dituzte hitzak ingurukoetatik, eta are gehiago hizkuntza hitz-emailea hegemonikoa eta prestigiokoa denean. Ez dugu penatu beharrik euskaldun peto-petoak ez diren hitzak erabiltzen ditugunean, ez behintzat euskarazko ordezko jatorrik ezagutzen ez dugunean. Ez dago hor hizkuntzaren koska handiena.

Hizkuntzek, gainera, badituzte hainbat ezkutukeria esplikazailak. Horrela, uler genezake “gerezi” deitzea zuhaitz bati, latinezko ceresiatik (ahoskatu keresia), edo “piku” izendatzea beste bat latineko ficusetik (ahoskatu pikus, duela ehun bat urtera arte euskaldunek “f” “p” ahoskatzen baitzuten). Ulertzekoa da, erromatarrek ekarritako frutak izan zitezkeen biak ere. Baina nola ulertu erromatarrak etorri aurretik ere arrunta eta aski ezaguna zen zuhaitz bati latineko fagus hitzetik “pago” deitzea?

Eta, alderantziz, erromatarrek ekarritako (hala uste da) mahatsak eta ardoak ez izatea inolako loturarik haien vitis eta vinum hitzekin?

Hizkuntzaren misterioak.

Beraz, ez kezkatu gehiegi hitz mailegatu horiengatik. Ez ibili horien penetan. Ez horiek justifikatu beharrean. Txiki, ahul, ezjakin eta atzeratua dela gure hizkuntza sinetsarazi nahi digute, eta gu konplexuz beteta ibili ohi gara argitu behar ez dena ere argitu eta justifikatu nahian. Dena erakutsi behar du euskarak. Baita zaharra dela ere. Duela zenbait, norbaitek zabaldu zuen bost mila edo sei mila urte “besterik” ez dituela euskarak, neolitikoa dela, eta ez paleolitikoa, alegia.

Bego hala dela. Eta zer? Berrogei mila urte izan ordez bost bakarrik baditu ere, zer? Euskara erabiltzeko gure borondatea ez da hizkuntza zaharra delako, “gure” hizkuntza delako, baizik. Guk aukeratu dugulako gure artean bizi eta komunikatzeko. Badakigu gaztelania duela mila bat urte zela herriko latinetik. Konparaketan hasi behar dugu? Zein zaharrago? Zeinek luzeago? Zeinek urrutirago pixa egin, nerabetxo hormonatuen antzera?

Utikan eztabaida bizantinoak: besteak izan behar dute gure kezkak.

Euskal Herriko kondaira zahar batek dio garai batean ia landare guztiek zekitela hitz egiten, goroldioak izan ezik. Goroldioari hitz egiten saiatu zen garoa, eta goroldioak ikasi ez eta garoak galdu zuen hitz egiteko ahalmena. Eta horrelaxe, goroldioaren ondoren, eta bat bestearen atzetik, landare guztiek ahaztu zuten zekiten hizkuntza besteei, ez zekitenei, mintzoa erakutsi nahian zebiltzan bitartean.

Ez dakigu ondo landareek izan zuten galera hori noiz gertatutakoa den, paleolitikoan edo lehenagokoa, baina arras kezkatzen nau. Erabat. Guri ere gauza bera gertatuko zaigula beldur bainaiz. Euskaldunak izan eta inguruan euskaraz ez dakitenei euskara irakasten aritu gara jo eta kean eta beldur naiz ez ote gauden goroldioz inguratuta: beraiek ikasi ez eta guk dakigun apurra ahaztera garamatzatenak.

Irunen udaltzain euskaldunak nahi izatea pertsonen arteko berdintasunaren aurkakoa omen da; iparraldean frantsesak, eta ez bestek, izan behar omen du ikaskuntzarako hizkuntza; Nafarroako lurralde ez euskaldunean euskara jakitea (alemana, frantzesa edo ingelesa ez bezala) ez omen da meritu berezia… Aizue! Guk ez dugu nahi euskara paleolitikoko ondare preziatua izatea, guk eguneroko bizitzarako nahi dugu!