Zarauztarren garaipenarekin hasi da Gipuzkoako Batelen Liga

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Arraun Elkartea 2017ko urt. 16a, 21:55

2017ko Gipuzkoako batelen ligari hasiera ona eman diote zarauztarrek Pasaiko badian. Kategoria guztiek lan txukuna egin dute, jubenil mutilen 3. postuaren kasuan adibidez. Seniorrek irabazi egin dute estropada eta liga oparo bat aurreikusi daiteke, traineruan zentratuko diren arren.

Gipuzkoako batel liga hasi da

Igande goizean Pasaiko uretan jokatu zen 2017ko Gipuzkoako batel ligaren lehen jardunaldia. Hasiera batean Oria ibaian jokatzekoa zen, ZAEk antolatuta, baina eguraldi oso kaskarra aurreikusten zenez, Gipuzkoako Federazioak estroparen eguna eta lekua aldatzea erabaki zuen, Pasaiara mugituz. Olatuak eta haizea zirela-eta, Pasaiako badiara mugitu ezezik, estropadaren ibilbidea ere aldatu zuten. Hasieran bokanan ziaboga ematea zen asmoa, baina azkenean guztiz badiaren barruan jokatu zen estropada.

Kategoria gazteek oro har maila txukuna eman zuten baldintza zailak gorabehera, 4 pertsona eta patroi bana duten bateletan. Neska promesek 8. postua erdietsi zuten lehen luze on bati esker. Infantil mutilek 12. postuan amaitu eta kadete mutilek 2 batel ateratzea lortu zuten. Jubenilen lana azpimarragarria izan zen bereziki, 3 batel atera eta denek emaitza benetan onak eskuratu baitzituzten: bateletako azkarrena 3. postuan sailkatu zen, bigarrenarengandik segundu bakarrera.


Seniorren batela garaile izan da

Senior mutilak traineruan zentratu dira orain arte eta batel ligan parte hartuko duten arren, lehentasuna traineruari emango dietela argi dute. Halere, lehiakortasuna ez dutela galduko frogatu zuten igandeko estropadan. Bi batel atera zituzten seniorrek eta estropadaren garaipena eskuratu zuten, bigarren ontziari 4 segunduko tartearekin. Aitor Urkola patroia, Imanol Eizagirre, Unai Agirre, Oinatz Arretxe eta Beñat Eizagirrek osatu zuten ontzi irabazlea eta azken honen balorazioa dugu hemen:

“Trainerua gure lehentasuna izan arren bi batelekin lehiatu dugu, gure artean lehiatzeko baita ere. Eguraldi oso kaxkarra zela-eta, gutxi berotuak ginen, baina primerako salida egin eta ontzia nabigatzen zebilela antzeman genuen. Ziabogatik ateratzea kosta arren kanpotik ematen zizkiguten erreferentzia guztien arabera estropadaren buruan ginen. Estropada bordatzeko txanpa egin eta eroso irabazi genuen. Ligan lehiatzen jarraituko dugu eta txapelketa denok nahi dugun gozokia da, baina esan bezala, gure lehentasuna trainerua da”.


Hurrengo larunbata urtarrilaren 21ean jokatuko da Ligako 2. estropada, Zumaiko uretan goizeko 10:30ean. Eta urtarrilaren 22 igandean Loiola ibaian, Donostian ospatuko da batel estropada goizeko 11:00etan. Animatu zarauztarrak animatzera eta estropez gozatzera.

Aupa Zarautz!