Senior zarauztarrak Batel ligako buru dira

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Arraun Elkartea 2017ko mar. 6a, 22:29

Igandean Pasai Donibanen Batel Ligako 7. jardunaldia ospatu da. Lan fina egin dute gure neska-mutil guztiek. Martxel Agouesek infantillak estropadaz eta ligaz hitz egin digu.

Pasai Donibaneko batel estropada

 

Igande goizean Pasai Donibanen Batel Ligako 7. jardunaldia ospatu da, orain 2 asteko larunbatean bezala. Promesa neskek aurreko estropadako emaitza hobetu dute, 14. postutik 11.era aurrerapausoa emanik eta Hibaika irabazletik 30 segundura. Ligan 10. postuan daude. Kadete zarauztarrak ere salto nabarmena eman dute denbora eta estropadako sailkapenean, 8. ontzi azkarrena izan baitira, irabazle Tolosaldea A ontzitik 20 segundu eskasera. 10. postuan daude sailkapen orokorrean hauek ere.

Jubenil zarauztarrak liga osoan maila ederra ematen ari dira. Aulki mugikorreko Euskadiko Txapela jantzi zuten orain bi aste, eta Batel Ligako lehen 3 postuen borrokan dabiltza. Izatez, gaur egun 2. postuan daude Ligan, hirugarrenak diren getariarrak 5 puntu atzetik. Ligan duten postua mantentzea da helburua. B eta D ontziak ere ez dira atzean gelditzen, 9. eta 12. postuan sailkatuta baitaude Ligan. Eta seniorrei dagokienez, bigarren izan ziren estropadan San Juanen atzetik eta lidergoa mantentzen dute, 3 punturen aldearekin. Ligako txapeldun izan eta Gipuzkoako txapelketan maila ona ematea dute helburu, traineruan zentratuta egon arren.

Martxel Agoues infantilaren balorazioa

Infantil mutilek ontzi bakarra ateratzen dute Ligan eta Arkaitz Zulaika Txulai dute entrenatzailetzat. Iñaki Irastorza patroiak eta Ander Gonzalez de Txabarri, Matias Pilell, Martxel Agoues eta Andoni Valentin arraunlariek osatu zuten batela. Ordezko izatea Borja Larrañagari egokitu zitzaion. Hona hemen Martxel Agoues (Zarautz, 2002) arrunlariaren balorazioa:

 “Salida ona egin dugu baina erdiko zatian, ziaboga baino lehen eta estropada amaitu arte segundu batzuk galdu ditugu. Ziaboga ona izan da, patroiak lan ona egin du. Bukaeran Zumaia oso gertu izan dugu eta azkenean ez gaituzte harrapatu”.

Hurrengo asteburuan batel eta aulki mugikorraren estropadak ospatuko dira. Larunbatean Aulki Mugikorreko ligako 5. jardunaldia Orion eta igandean Batel Ligako 8. jardunaldia Trintxerpen. Animatu gure arraunlariak babestera.

Aupa Zarautz!

Zarautz, 2017ko martxoaren 6a