Gutuna: Eskerrik asko, Xanti!

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Arraun Elkartea 2021ko mai. 3a, 09:44
Aitzol Garro 'Enbata' traineruko patroia eta Xanti Sanchez. (ZAE)

Zendu berri den Xanti Sanchez ZAEren sortzaile eta lehen presidentea gogoan, honako gutuna idatzi du Zarautz Arraun Elkarteak.

1983ko abuztua zen, Musika Plazako Txoko tabernan, estropadak ziren egun batean, lagunarte giroan, hiru herritarrek kostaldeko herrien artean arraun talderik ez zuen bakarra Zarautz zela eta zerbait egiteko beharra sentitu zuten. Xanti Sanchez, Iosu Aizpurua eta Pello Argote ziren. Zarautz eta arrauna maite zituzten hainbat lagun bildu zituzten eta urrirako Zarauzko Arraun Elkartea sortu zuten. Xanti Sanchez izendatu zuten lehendakari. Presentzia handiko gizona, hitz jario ederrekoa, xehetasunei garrantzia eman zalea, eta bereziki, sormen eta burutazio bikainekoa. Bereak izan ziren ehundaka bazkide lortzeko kanpaina, ZAEren hasierako logoa, Gabon gaueko eta Urte Zaharreko zozketa ospetsua egiteko ideiak.

Ordutik 38 urte igarotzear dira, eta zuek ereindako haziari esker, herri izatetik hiri izatera igarotzen ari den Zarautzek, itsasoari lotutako herria izan dela gogorarazten digun arraun elkarteak errotuta eta osasuntsu dirau. Etxekoek esan ziguten, aurreko udaran Eusko Label ligako eta Donostiako estropadak harrotasunez eta zirraraz ikusi zenituela. Ez da gutxiagorako. Zarauztarra traineruarekin hasi eta orain Enbatarekin ari den Zarautz-Gesalaga-Okelan taldea aurten ere goi mailan arituko da haziak loreak eta fruituak ematen jarraitzen baitu.