Eremua markatuz

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2018ko ira. 24a, 02:00

Eguzkia ere arrimatu zen Astira larunbat arratsaldean, taldea agurtzera: ekipazio berria, fitxajeak, harrobiko gazteen estreinekoa lehen taldean; eta Eibar, betiko bizilaguna, baziren nahikoa motibo zaleak biltzeko.

Hasi zen partida. Etxeko taldea ekinez, jokoa menpean hartuta eta aurrelariak, hasieratik lurraldea markatzeko prest. Lehen meleen, uztartzeen, ondotik, 4. minutuan, ruck-a, uztartze-irekia osatu zen entsegu marratik 3 metrora. Facundo Paz mele-erdilariak, uztartze-erdilariak jokatu zuen, baloia kanpora atera eta xistera batekin Iñigo Lasaren esku utzi zuen. Honek ez zuen barkatu eta harmaila txaloka lehertu zen.

Agustin Cittadinik ostikadarekin asmatu eta Babyauto Zarautz aurkarien 22 metroko marrara iritsi zen, presioa areagotuz. Ondorioz, 8. minutuan aldeko zigor-kolpea lortuta, Agustin Cittadini zabaltzaileak 10-0an utzi zuen kontagailua.

Eibartarren hiru-laurdeneko marra jokatzen hasi zen orduan.  Zarauztarren 22ko marrara gerturatu ziren, baina Beltzek, defentsa joku indartsua erakutsita lortu zuten eustea, 25.minutura arte. Orduan Eibarko 10ak defentsako marra hautsi eta bizi sartu zen, baloia, makilen, hagen azpian utzi arte. Kidearen  ostikadarekin 10-7 jarri ziren. Entsegu horrek, ordea, suspertu egin zituen dordokak. Aurkarien eremuan sartu eta aurrelariek, bultzaka, entsegu marraraino eraman zuten melea, uztartzea. Epaileak zigor-entsegua adierazi zuen orduan. Ordu erdi partida hasi zenetik eta 17-7. Melea gero eta indartsuago eta emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, taldearen lan onak aurkarien hagetara, makiletara gerturatu zuen melea, uztartzea. Eibartarrek eraitsi egin zuten, geldituko bazuten eta epaileak zigor-entsegua adierazi zuen. 24-7. Zelaian, Babyauto melearen jaun eta jabe eta harmailan, zaleak bero. Eibartarrak ez zeuden etsita eta partida ez zegoen amaituta.

Etorri zen ordea taldeko beste jokaldi bat, zarauztarrek eibartarren defentsa marra hautsi eta Sebastian Sedranek lehen entsegua lortu zuen zarauzko bere taldearekin. Agustin Cittadinik transformatu eta 31-7, emaitzak arnasa eman zien Beltzei. Orduan hasi zen bankilloa mugitzen eta harrobiko bi gazteren txanda iritsi zen; Kepa Arrutik eta Jorge Peruchenak, 18 urterekin, estreinekoz jokatu zuten Ohorezko B Mailan.

Eibarrek beste marka bat lortu eta transformatu zuten, baina 5 minutura, Xabi Castañoren mutilek beste entsegu bat lortu zuten Facundo Pazen bitartez eta Agustin Cittadinik transformatu zuen hau ere. Eibarren azken entsegua oraindik eta 38-19, lortu zuten garaipena zarauztarrek.

Datorren asteburuan Valladolidek hartuko ditu Beltzak.

Bultza Beltzak!

Osorik irakurri