Lan onaren ordaina

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2019ko mar. 5a, 01:00

Bidegurutzeko partida zen. Babyauto Zarautzentzat garrantzitsua, lortutako puntuei esker, beste urtebetez segituko duelako Ohorezko B Mailan. Durango Nissan Gaursa taldeak aldiz, jaitsiera segurua du, azkena delako sailkapenean, azkenaurrekotik 16 puntura, bi jardunaldiren faltan.

Etxeko taldean, hiru laurdeneko lerroaren jokoa nabarmendu zen: 11 entsegu lortu zituzten. Aurrelariek lortu zuten hamabigarrena eta Agustin Cittadinik, guzti horietatik, 7 transformatu zituen. Guztira 74 puntu lortu zituzten zarauztarrek. Durangarrek, 10.

Lehen zatian, harmailetan hain gustukoa den “txanpain errugbia” ikusi zen. Zarauztarrek eskura jokatu zuten eta talde osoak parte hartu zuen jokaldi dotore eta biziak borobildu zituzten. 36-5 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian ere antzera. Babyauto Zarautz taldeko aurrelariek tinko eutsi zieten durangarrei eta hiru laurdeneko jokalariak bizi sartu ziren behin eta berriz Durangoren entsegu marraraino. Durangarrak saiatu ziren defentsan, baina alferrik. Entsegu bana lortu zuten partidaren zati bakoitzean eta onartu behar zaie kemena.

Zarauztarrei dagokienez, 4 entsegu egin zituen Jose Esteban Mendezek, bina Corey Simpsonek eta Emiliano Salak eta bana Facundo Oribek, Sebastian Sedranek, Jokin Elustondok eta Joseba Galarragak.

Hurrengo bi partidatan, zarauztarrak Ohorezko B mailako epaile bihurtuko dira, sailkapenean lehenengo 2 postuetan daudenen kontra arituko direlako. 3 puntuko aldea besterik ez dute eta zarauztarrek zer esana izango dute, dortokak, beti bezala, irabazten saiatuko direlako kosta ala kosta.

Harrobian berriz, 16 eta 18 urtez azpikoek Gastediren kontra jokatu zuten Gasteizen eta bi taldeek irabazi zuten. Nahiz, Sub 16ko taldearen kasuan, 12 jokalari besterik ez izan.

3 jokalari gutxiagorekin, 12-46 irabazi zuten gazteenek. Sub 18 taldeak berriz, 20-32 egin zuen.

Bultza Beltzak!

 

Partiduko argazkiak: Jon Ander Vildosola

Osorik irakurri