Denboraldi berriari begira

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2019ko abu. 19a, 12:01

Abuztuaren erdian gara iada eta denboraldi berria prestatzen dabil Babyauto Zarautz Rugby Taldea.

Ohorezko B mailan aldaketa ugari izan dira; Sub23 mailaren sorrera, CRAT taldeak eginiko ukoa eta Bilbo/Ferrol irailean jokatuko den norgehiagokako irabazleak mailan parte hartuko duela. Aldaketa guzti hauek egonezina sortu dute hainbat taldeen artean eta eginiko planifikazio asko hankaz gora jarri ditu.

Senior taldeko entrenatzaile diren Xabi Castaño eta Facundo Orive-rekin izan gara solasean. Tartean pasa den denboraldia eta datorrenaren helburuei buruz galdetu diegu. Hauek dira haien hitzak.

Kaixo bikote, zer moduz doa uda?

Xabi Castaño: Ongi. Zertxobait motx egin zait, gehienbat ekaina eta uztailean izandako entrenamenduak eta udalekuak zirela eta, baina berriz martxan jartzeko gogoz!

Facundo Orive: Uda oso ongi... Lagunekin, bidaia asko, asko disfrutatu dut. Mugitua, baina gustura!

Denboraldia amaitu zen, bederatzigarren Ohorezko B mailan eta partidu gogorrei aurre eginaz Euskal Ligan. Zein da zuen balorazioa pasa den denboraldiaz?

X.C.: Denboraldi hasiera kaskarra izan genuen, uste genuen eginiko lanak emaitza hobeak emango zizkigula baina ez zen hala izan. Oinarrizko lan batzuetara itzuli behar izan genuen lortu nahi genuen errugbi motara iristeko. Egia da emaitzei begira helburua goiko postuetan ibiltzea eta igoera fasera klasifikatzea zela baina beste aldetik gustura, azken partiduetan nahi genuen errugbi jokora itzuli bait ginen, itxura eta sendotasuna erakutsiaz.

F.O.: Egia esan denboraldia oso gogorra izan zen, asko sufritu genuen, lesioak, zigorrak eta konpromiso pertsonalak zirela eta. Gainera liga gogor batekin egin genuen topo, aurreko urteetan baina maila gehiagoko taldeekin. Baina nire ustez arazo hauei aurre egiten jakin genuen eta sentsazio onekin amaitu genuen denboraldia.

Orain aurredenboraldiko prestaketa saioekin hasi zaretela, zer moduz daude jokalariak? Lanean hasteko gogotsu daude?

X.C.: Oso ongi. Uste dut aurreko denboraldiarekin alderatuta, igoko diren jokalariek lagunduta talde eder bat sortuko dugula. Honek errotazio asko egiteko aukera emango digu eta horrek taldearen maila altuenean mantentzeko aukera emango digu partidu ezberdinetan. Beste urteetan zenbait jokalarik beraien postutatik at jokatu behar izan zuten eta uste dut ez dela beharrezkoa izango aurten horrelakorik egiterik.

Postu batzuetan lanean ari gara, gehienbat lehen eta bigarren lerroan, baina uste dut lehengo urtekoa baina talde konpletoagoa dugula.

F.O.: Lehen esan dudan bezala, liga gogorra izan genuen eta honek mutilei joko eta golpeen erritmora ohitzea kosta egiten zaie. Baina bestela oso ongi ikusten ditut.

Aurten jokalari asko igoko dira seniorretara lehengo urtean sub18ak zirenak. Nola moldatuko dira maila berrira?

X.C.: Jokalari asko datoz sub18-tik. Hasierako lan hauetan baloratu beharko dugu ea nork duen lehen taldean jokatzeko maila. Gainontzekoek bigarren taldea sendotzen lagunduko digute eta haiei ere formatzen jarraitzeko aukera emango diote, hala etorkizun batean lehen taldean jokatzeko aukera izan dezaten.

Egia da aurreikusita dugula 3-4 jokalarik lehen taldean parte hartuko dutela, nahiz eta hasiera batean gehiago kostako zitzaiela pentsatzen genuen. Gainera seguruenik, jokalari beterano eta fitxaje berriei esker, azkar formatzeko aukera izango dute.

F.O.: Gaitasun handiko jokalari talde bat da, urteak daramatzate errugbian jokatzen eta asko nabari da. Gogotsu ikusten ditut eta ikusiko dugu ea nola moldatzen diren kategoria berrira. Jokalari muin oso interesgarria igoko dela iruditzen zait.

Eta azkenengo galdera: zein dira datorren denboraldiko helburuak? Nola antolatuko dituzue entrenamenduak? Aldaketarik?

X.C.: Aurten generazioaren aldaketa urtea da baina emaitzei begira helburu nahi bat baduzu goian egoteko helburua dugu, igoera fasera sailkatzeko lehian.

Hala ere emaitzetan bakarrik zentratzea akats bat dela iruditzen zait, jende berri asko dugu, fitxaje interesgarriak eta egin nahi dugun errugbia zein den dakien jokalari muin bat. Helburu garrantzitsuena, jende berria sistema honetara moldatzea izango da eta goranzko progresio horri heltzea, jokalari guztien kalitatea hobetuaz. Uste dut hontan lan egiten badugu, emaitzak iritxiko direla.

Entrenamenduei begira, joko gai ezberdinetan zentratuko gara eta astean bi gai ezberdin jorratuko ditugu. Beti bezala Astelehen, Astearte, Ostegun eta Ostiraletan entrenatuko dugu. Zenbait entrenamenduetan bakarkako teknikak lantzeko erabiliko ditugu, partiduen bideoak analizatuko ditugu eta partiduen osteko astelehenak jokalarien errekuperaziorako erabiliko ditugu.

F.O.: Helburua joko mailaren aldetik aurrerapausu bat ematea da. Jokatzen dugun moduaz disfrutatzea eta horrekin jakingo dugu non gauden.

Entrenamenduen aldetik, dinamikoagoak egin nahi ditugu, garatu nahi ditugun ezaugarrietan oinarritu ahal izateko. Garrantzitsuena talde on bat sortzea izango da, homogeneoa eta elkartua. Jokalarien arteko giro ona sortzeko nahitaezkoa.

Hain monotonoa ez izaten saiatuko gara ea horrela entrenatzeko grin hori sortzen duen.

--

Bi talde seniorrak prestatzeko bi lagunarteko jokatuko dira abuztuan. Lehenengoan, Iñaki Quesadaren omenaldian, Atletico SS taldearen aurka eta bigarrengoan, Ondres eta Angeluko errugbi taldeen aurka jokatuko den triangularrean. Entrenatzaileek senior jokalari guztiekin kontatzen dute partiduei aurre egiteko.

Sub16 eta 18

Federazioaren aldetik iraila hasieran dira ligak osatzeko bilerak eta orduan argitaratuko ditugu entrenamenduen hasierako datak.

Harrobia

Abuztuak 31 Larunbatean astin egingo da ate irekien jardunaldia. Bertan denboraldi berriko lehen entrenamendu bat egingo da aurreko urteko jokalariekin eta Zarautz Rugby Talde-tik ateak zabaltzen zaizkio errugbia probatu nahi duen 8-14 urte bitarteko neska-mutilei.

Bultza Beltzak!