Nahi ta ezin

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2019ko urr. 29a, 01:00

Bostetik bost irabazi ondoren, seigarrenean, garaipenak ihes egin zion Babyauto Zarautzi, larunbat arratsaldean, Bera Beraren zelaian. Partida parekatua eta gogorra zelaian eta une batzuetan zakarra harmailetan. Bero egiten zuen Donostian eta Kote Olaizola zelaian ere, giroa bero. Ohiko eskema, taldeko beteranoen esanetan. Irabazteko aukera azken minutura arte eskura izan zuten zarauztarrek, baina 30-27 amaitu zen partida. Babyautok, halere, sailkapeneko 2. lekuari eusten dio 23 punturekin.

Lehenbiziko puntuak zarauztarrentzat, partida hasi eta minutura. 0-3 markagailuan, Juan Sorreluzek aprobetxatutako zigor kolpe bati esker. Abantailak ez zuen asko iraun ordea, eta 7. minutuan berdindu zuen Bera Berak, Javier Pablo Martinek botatako zigor ostikada medio. 3-3 berdinduta eta partidaren nondik norakoak finkatuta: Zarautz gehiago zen meléan, ondo moldatu zen touche-an eta baita defentsan ere, baina Bera Berak abiadura eta bizitasuna zituen eta baloia zeukanean, min egin zezakeen. Partida gogorra eta parekatua zetorren. Ostikadatan asmatzea garrantzitsua zen. Juan Sorreluz arduratu zen Babyautoren kolpeez eta Javier Pablo Martin izan zen Bera Beraren ostikolaria. Eta biak ibili ziren fin. Beste zigor kolpe bana, 3-6, 6-6 eta ezin berdinketa hautsi. 30. minutuan iritsi zen lehen entsegua Babyautoren alde. Zarauztarrek melé-a, 5 metroko lerroan eta indarrez, entsegu eremuraino sartzea lortu zuten. Epaileak zigor entsegua seinalatu zuen Bera Berako jokalarien falta errepikatuak ikusita. 6-13, baina ezin aldeari eutsi. Lehen zatia amaitzear zela, Bera Berak behin eta berriz ekin zion erasoari zarauztarren 5 metroko lerroan. 3 touche segidan, melé-a eta halako batean, entsegua, albotik Aratz de Goicoecheak. Transformazioarekin, 13-13 atsedenaldira.

Atsedenaldian, kaioek bete zuten errugbi zelaia. Eta bigarren zatiari, indarrez ekin zioten bi taldeek. 47. minutuan, Bera Berak touche-an ateratako baloi batek Simon Setienen entsegua izaten amaitu zuen. Transformazioan asmatu eta 20-13. Bost minutura, zarauztarren erantzuna, kasu honetan zigor kolpe bat azkar jokatuta. Alex Saletak entsegua eta Juan Sorreluzek transformazioa. 20-20, berdinketa berriz ere. Nekea zelaian eta tentsioa harmailetan. Bera Beraren aldeko zigor kolpea 56. minutuan, 23-20 eta zarauztarren erantzuna berehala: Albert Oneleiren entsegua eta Juan Sorreluzen transformazioa. 23-27. Eta berriz Bera Berak erasoa. Aitor Angiozarren entseguarekin eta ondorengo transformazioarekin 30-27.

10 minutu partida amaitzeko eta zarauztarrak, dena emateko prest. Azken minutuak Bera Beraren zelaian jokatu ziren, entsegu marratik 5-10 metroko eremuan. Zarauztarrek izan zezaketen berdinketarako aukera, zigor ostikada eskatu izan balute, baina euren melé-aren nagusitasunean konfiantza izanik, irabaztera jokatu zuten amaiera arte. Irabazi nahi, baina beti ezin. 30-27 azken emaitza.

Hurrengo hitzordua Astin, azaroaren 1ean, eguerdiko 12:00etan, Avia Eibar Rugby taldearen aurka. Sailkapenean, Babyauto bigarren da eta Avia Eibar, azken aurrekoa.

Argazki bilduma (José Ramon Buenetxea): https://photos.google.com/share/AF1QipMvLKfEwGxp-utV3Q1jkJ8FrjEmppRCHMDh6FFZoEA9rld1_anHIkIR9OZA5ySKYA?key=TEVXY1l2UkZDSHA2VU1ldFVLYUxMRGp1cTdnUzB3

Euskal Ligako Babyauto Zarautz/Beltzak taldeak Funes garaitu zuen 64-12 Lasarteko Mitxelin errugbi zelaian.

Sub16 eta Sub18ek aldiz biek porrota jaso zuten Gasteizko Lakua zelaian Gaztediren aurka.

Bultza Beltzak!

Osorik irakurri