Nor baino nor

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2019ko aza. 26a, 07:30

Gernikak irabazi zuen larunbat arratsaldean Astin, 16-27, baina ez, beraiek espero bezain erraz. Bizkaitarren zelaian, jokalariek ingelesez hitz egiten zuten. Maila handiko jokalari atzerritarrez hornitutako taldea da aurten Gernika. Babyauto Zarautzek harrobitik igo berriak diren 6 jokalari titularrekin jokatu zuen, beste behin, larunbatean. Eta hala eta guztiz ere, zarauztarrek maila eman eta aurre egin zioten Gernikari, nahiz amaieran puntuek ihes egin. Sailkapeneko 5. tokian dago orain Zarautz, Bilbotarren atzetik.

Euriak eta haizeak ez zuten inor izutu. Gernikako eta Zarauzko jarraitzaileek erdi eta erdi bete zituzten Astiko harmailak eta zelaian, berehala hasi zen ikuskizuna. Bruno Mercantik egin zuen Gernikarren lehen entsegua 4. minutuan. Gernikarrak, aise irabazteko asmotan zetozen. Zarauztarrak berriz, gerra emateko intentzioz: 8. minutuan, maulean egin zuen entsegua Facundo Orivek. Eta berriz erasoa bizkaitarrek, Gorka Etxeandiaren entsegu batekin. 15.minuturako, 5-10 markagailuan eta zelaia lokazti bihurtuta. Zelaia jokorako hain astun egonda eta aurrean hain talde indartsua izanik, zarauztarrek behin eta berriz jokatu zuten baloia ostikadaz urruntzera eta Corey Simpsonen ostikada horietako bat aprobetxatuta, Juan Sorreluzek lortu zuen, hegaletik, zarauztarren bigarren entsegua. 10-10, berdinketa berriz ere. Transformazioetan ez zuten asmatu ez batak eta ez besteak, baina lehen zatia amaitzeko geratzen zen ordu laurdenean, beste bi entsegu egiteko denbora izan zuten Gernikarrek. Langi Lolotongak, bat, meléa entsegu eremuraino bultzata eta Kitone Toaono Ng Lamek bigarrena, hegaletik, Astin sekulako euri zaparrada erortzen hasi zen unean. 10-20 iritsi ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian, eguraldiak ez zuen hobera egin eta zelaiak ere ez. Gernikarrek, baloia eskutan izan orduko sortzen zuten arriskua, indarrez eta abiaduraz, baina zarauztarren defentsak behin eta berriz eutsi zien erasoei. Bigarren zatia hasi eta berehala epaileak txartel horia erakutsi zion gernikarren 10ari eta zigor kolpea baliatuta, 3 puntu lortu zituen Sebastian Sedranek. 13-20 eta zarauztarrak partidan guztiz sartuta. Intentsitate handiko minutuak etorri ziren gero. Zarauztarrek behin eta berriz salbatu zituzten arrisku uneak, baloiak ohostu zizkioten Gernikari touchetan, meléak borrokatu zituzten  eta bizkaitarren avant bat edo bestek ere lagundu zuten. 61. minutuan, zarauztarren aldeko zigor ostikada baliatuta, beste 3 puntu egin zituen Sebastian Sedranek. 16-20 eta partida irabazteko aukera bazela sinistuta jokatu zuen Babyautok. Eta hala segi zuten nahiz eta 68.en minutuan, jokalari bat gutxiagorekin gelditu zelaian, epaileak zarauztarrei txartel horia atera eta gero. Jokoak oso gogor jarraitu zuen zelaian eta partida amaitu aurretik, Gernikako 19ak txartel gorria ikusi zuen. Zarauztarrek azken minutura arte borrokatu zuten. Denbora beteta, azken melea jokoan, zarauztarrek eskura jokatu zuten baloia, gernikarrek pasea ohostu eta entsegu borobila egin zuten zutoinen azpian. Transformazioan ere asmatuta, 16-27 izan zen azken emaitza. Punturik ez zarauztarrentzat, baina txalo zaparrada bai, Astiko harmailetatik.

Hurrengo zita, datorren larunbatean, azaroaren 30ean izango da, 16:00etan, Astin, sailkapenean azken aurreko postuan dagoen Uribealdearen aurka.

Bultza Beltzak!

Osorik irakurri