Lokaztuta

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2020ko mar. 10a, 01:00

Kontrario ahulik ez dago eta partida errazik ere ez, denboraldia amaitzear dela.  Ez behintzat Babyautoren taldean, Ohorezko B mailako A taldean. Eta badira, gainera, maiz trabatzen diren zelaiak. Uribealdearen Atxurizubi esaterako. Larunbatean, guztiz lokaztutako belardian, Zarautz gehiago izan zen jokoan, baina Uribealdeak irabazi zuen partida, 10-8. Hala ere, Babyautok 4. jarraitzen du sailkapenean, 47 punturekin.

Zelaia oso astun zegoen eta bistakoa zen partida gogorra zetorrela. Babyauto gehiago izan zen meléan eta jokoan, oro har. Uribealdearen erasoaldiak moztu, baloia lapurtu eta eskura jokatzen saiatu ziren behin eta berriz, baina ezin jokaldiak errematatu. Baloiak irrist egiten zuen edo Uribealdeak nola edo hala galerazten zuen marka. 8. minutuan, Babyautok entsegu aukera garbia eta plakaje altua, Josu Valencianori. Epaileak txartel horia atera zion Uribealdeko 12ari eta hura izan zen partidako txartel bakarra, jokoa asko leundu ez arren partida osoan. Jokalari bat gehiago izateak abantaila behar zuen dortokentzat, baina ez zuten aprobetxatu. Uribealdearen zelaian jokatzen ari ziren ia erabat eta, hala ere, 16. minutuan, Tomas Grisettik egin zuen lehen entsegua Uribealdearentzat. Meléa irabazi eta baloia ondo zabalduta, albotik. Transformazioan kale, eta 5-0. Lanean gogor segi eta 26. minutuan lortu zuen Babyautok berdinketa, talde jokaldi eder batean. Erasoan, eskura jokatuta, baloia zelaiaren alde batetik bestera ondo zabaldu, Josu Valencianok  metroak irabazi eta,  azken pasea ere berak emanda, Juan Sorreluzek amaitu zuen zarauztarren entsegua.

5-5 markagailuan eta halaxe iritsi zen atsedenaldia.

Bigarren zatia hasi eta berehala etorri zen bizkaitarren bigarren entsegua. Tomas Grissetik berriz ere, ruck-etik ateratako baloia zabaldu eta albotik: 10-5. Babyauto jokalari zerrenda labur samarrarekin iritsi zen Mungiara eta, lokatz artean, beste hiruk min hartu zuten. Hala ere, dortokek lanean segi zuten gogor. Arrisku egoera bat baino gehiago salbatu eta entsegu aukera garbiak izan zituzten: 60. minutuaren inguruan, Sebastian Sedranek zelai erdian baloia ohostu eta bizi, ia entsegu marraraino iritsi zenean, adibidez,  edo 5 metroko lerroan, melé-a 5 aldiz segidan jokatu behar izan zenean, Uribealdeko jokalariek behin eta berriz biratu zutelako.  Zailtasunak ikusita, premiazkoa zen puntuak egitea: 70. minutuan, Sebastian Sedranek makiletara jo zuen zigor kolpea. 10-8 eta partida irabazteko aukera oraindik ere. Ez zen ahalegin faltagatik izan, baina beste entsegurik ez zen lortu. Partidaren azken minutuan izan zuen Babyautok azken aukera: zigor ostikada 40 metro ingurutik. Ederra izan zitekeen azken uneko garaipena, baina ez zen posible izan: 10-8 azken emaitza.

Besterik ezean, Babyautok defentsa bonusaren puntua eskuratu zuen. 47 ditu guztira eta 4. da sailkapenean. Hurrengo partida, urtarrilean jokatu ez zena, datorren larunbatean izango da, Avilesen, Pasek Belenosen kontra. Eta denboraldiko azkena, martxoaren 21ean, Astin, Gaztediren aurka. Ondo legoke Astiko harmailak betetzea, udaberria ospatzeko.

Bultza Beltzak!

Osorik irakurri