Ondo ospatzekoa

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2020ko urr. 25a, 02:00

Bi edo hiru aldiz irabaztea bezala izan zen.

17-23 gailendu zitzaion Zarautz Uribealdeari eta ospatzeko moduko garaipena izan zen. Batetik, zarauztarrek urteak zeramatzatelako Atxurizubiko zelaian irabazi gabe, bai, baina,  batez ere, Ohorezko B Mailan Errugbi liga hastea eta lehen partida jokatu ahal izatea, hori bera, bazelako nahikoa garaipen. 

Ez dira garai onak inorentzat eta Zarauzko errugbi taldearentzat ere ez. Babeslerik gabe, duela oso aste gutxi entrenatzen hasita eta ligako ekipo gazteenarekin, nor direla erakutsi zuten eta frogatu, gauzak ondo egitearen garrantzia: urteetan harrobia lantzeak merezi izan duela eta aurten, poliki hasi eta astez-aste elkar zaintzeak ere bai,  nahiz inork jakin ez, datorren astean zer izango den.

Larunbatean, Atxurizubin, Zarauztarrek ondo jokatu zuten oso. Bizi aritu ziren eskura, jokoari jarraikortasuna emanaz eta jokaldi ederrak osatuz. Gogor aritu ziren defentsan eta gehiago izan ziren melé-an. Taldea direla erakutsi zuten, nahiz zenbait huts egitek eragotzi puntu gehiago biltzea. 

Xabat Larreak estreinatu zuen markagailua zarauztarren alde, partida hasi eta berehala, touche-tik ateratako baloia zabaldu eta zelaiaren beste aldean marka eginda. Zarauztarren bigarren entsegua melé-a irabazi ondoren etorri zen, Jokin Elustondoren eskutik. Carlos Estradak transformatu eta  15. minuturako, 0-12, zarauztarrak aurretik. Uribealdeak ez zuen zarauztarren defentsa lerroa hausteko modurik topatzen, baina zigor kolpez lortu zituen Mikel Uribek Uribealdearen lehen 3 puntuak. 3-12. Zarauztarrek jokaldi biziak eta errekurtso asko erakutsi zuten arrisku egoerak saihesteko eta Carlos Estradak botatako zigor kolpeak ekarri zituen hurrengo 3 puntuak. 3-15. Hala ere, zarauztarrek ez zuten beti asmatu ostikadatan eta lehen zatia amaitzear zela egindako akats batek, arnasa eman zion Uribealdeari.  Egoitz Garciak, entsegua Uriberentzat. Baloia makilen, hagen, erdi-erdian utzi eta transformazioa, erraz: 10-15 atsedenaldian, nahiz Uriberen jokalari bat kanporatua izan 36.minutuan eta Zarautzek askoz hobeto jokatu lehen zati osoan.

Bigarren zatian, nekea nabaritu arren, zarauztarrek ondo eutsi zioten. Melé-an irabazitako baloia zabaldu eta zelai ertzean egin zuen Unai Elustondok  Zarautzen 3. entsegua: 10-20. Handik gutxira, Carlos Estradak transformatutako zigor kolpeak beste 3 puntu zarauztarrrentzat: 10-23. Baina Uribealdeak badu eskarmentua eta jakin zuen zarauztar gazteen akatsak aprobetxatzen. Horrela etorri zen, euren bigarren entsegua touche-an hasitako jokaldi baten amaieran, Carlos Salazarrek baloia makilen erdi-erdian utzita. Egoitz Garciak transformatu eta 17-23, azken emaitza.

Merezitako garaipena, hasiera bikaina eta 4 puntu Zarautz Rugby taldearentzat. 

Xabi Castañok gidatutako taldean, nabarmentzekoa, zarauzko harrobiarekin bat egin duen argentinarren taldea: Facundo Aznarez eta Xanti Irazusta, aspaldi zarauztartuak, Sebastian Sedran iaz ere taldean aritutakoa eta Mateo Bast, Alcobendas utzita etorri dena. Urko Zumeta ere berreskuratu du Zarautzek, Biarritzeko harrobian bi urte egin eta gero. Bada taldea, baina astez-aste egin beharko dira urratsak eta beharko da jarraitzaileen babesa. Harmailetan, ahal denean, streaminez partidak jarraituz edo diruz lagunduz. Zarautz Rugby taldeak kolaboratzaileak biltzeko kanpaina abiatu du, taldeari babesa emateko: www.zarautzrugby.com/eu/egin-zaitez-kolaboratzaile

Modu batera edo bestera, gauzak ondo, hurrengo hitzordua Gernikan, basurdeen zelaian, datorren asteburuan.

Bultza Beltzak!

G Uria Arruti.

Osorik irakurri