Lehia orekatua ez denean

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2020ko aza. 1a, 01:00

45-19  galdu zuen Zarautz Rugby Taldeak Gernikaren aurka larunbat arratsaldean Urbietan. 

Zarautzen jokatu beharreko partida, baina Gernikan lehiatu zena, Astiko zelaia ez dagoelako erabiltzeko moduan Federazioaren ustez. Zelaia publikoarentzat zabalik, baina azken neurri murriztaileak tarteko, bizkaitarrek soilik izan zuten bertaratzeko aukera.

Gernikak lehen mailako gosez jarraitzen du eta gosearen tamainako taldea egin du. Zaila da Gernikarrei etxean irabaztea. Zaila, talde zabalago eta sendoago bati aurre egitea eta zaila, errugbira hain ondo jokatzen duenari puntuak egitea baloia hain gutxitan edukita.

Eta hala eta guztiz ere, Zarautzek 3 entsegu egin zizkion Gernikari eta ondo jokatu zuen minutu askotan.  

Pello Bilbao txirrindulariaren ohorezko sakearekin hasi zen arratsaldea.

Lehen zatiaren hasieran, itxura zen, partida lehiatua izan zitekeela.

Gernikak 6. minuturako bazituen 5 puntu Eneko Gorostizaren entseguari esker, baina Zarauztarrak ez zeuden lo eta eraso jokaldi ederra osatu zuten taldean: Karlos Estradaren pase luzea Unai Elustondok jaso, atea zabalik ikusi eta Elustondok aurrera jo zuen, zuzen.  Atea ixterako baloia Juan Sorreluzi utzi eta honek pase bikaina, Josu Valencianori, eta baloia, gozo, marraren beste aldean. Epaileak zarauztarren aldeko zigor entsegua seinalatu zuen eta 7-5 markagailuan, zarauztarrak aurretik.

Minutu zailagoak etorri ziren gero zarauztarrentzat. Gernikarrak gehiago ziren defentsan, lerroaren oso gainean ari ziren eta tartea ikusi orduko, izkin egiten zuten. Horrela etorri ziren hurrengo bi entseguak, erraz, bata bestearen segidan, Fagu Malloyk eta Gaizka Iturriaga-Echevarriak eginak. Transformazioak Estanislao Renthelen kontura eta 20. minuturako, 19-7 markagailuan. Aldea leuntzeko aukera izan zuten zarauztarrek hurrengo jokaldian, baloia touche-ra botata, baina ez zen  posible izan eta gernikarrentzat izan ziren hurrengo puntuak ere, zarauztarren lerroan zuloa probokatu eta hagen erdi-erdian baloia utzita. 26-7. Zarauztarrek, baina, ez zuten amore eman. atsedenaldiaren aurretik beste 7 puntu egin zituzten, beraiek dakiten bezala: baloia touche-an atera eta bizpahiru fasetan marraraino iritsita. Jokin Elustondok entsegua eta Sebastian Sedranek transformazioa. 26-14 atsedenaldian.

Bigarren zatian, nekeak nabarmenagoa egin zuen bi taldeen aldea. Nabarmenago geratu zen Gernikak Zarautzek baino talde zabalagoa duela kopuruz, errugbia profesio duten jokalari gehiago dituela eta gai dela partida amaierara kementsu iristeko. Beste 3 entsegu egin zituen Gernikak bigarren zatian, hamar minutuz behin, bat.  Fagu Malloy, Andoni Martin eta Andoni Larrabeitik batu zituzten puntuak. Zarauztarrek partidan jarraitu zuten, nahiz txartel horia tarteko, hamar minutuz bat gutxiago izan zelaian, eta gauza izan ziren, partidaren azkenetan, 3. entsegua egiteko, 5 metrora egindako melé-ari, uztartzeari, bultzata. Mikel Larañagak lortu zituen zarauztarren azken 5 puntuak eta 45-19, azken emaitza. 

Streaming bidezko irudiak jarraitzea ez zen erraza izan une batzuetan eta epailearen zenbait erabaki ulertzea ere ez. Hala eta guztiz ere, Zarautz Rugby Taldeak hor jarraitzen du, 4 punturekin, sailkapeneko 5. postuan.

Xabi Castañoren taldeari ondo etorriko zaio bi asteko atsedena, indarrak berritzeko.

Hurrengo partida Ourensen jokatuko dute, Covid-a tarteko, azaroaren 22an. Eta hurrengoa, Astin, gauzak ondo, azaroaren 29an. Zer gertatuko den ikuskizun,

Astez-aste entrenatzen jarraitzea eta ligari eustea da garaipenik garrantzitsuena.

Zarautz Rubgy taldea babesteko: www.zarautzrugby.com/eu/egin-zaitez-kolaboratzaile

Bultza Beltzak!

Garbiñe Uria.

Osorik irakurri