Lastima!

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2020ko abe. 15a, 01:00

Gaztedi eta Zarautz lehiakide zuzenak dira eta puntu bakarrera zeuden sailkapenean. Horregatik izan zen pena, igandeko partida 32-17 galtzea Gamarran.

Errugbiari eta jokoari erreparatuta Zarautz eta Gaztedi hortxe-hortxe dabiltza, pareko, baina seguraski badira bereizten dituzten beste hainbat gauza: ez baita gauza bera babesleak izatea edo ez, joan-etorriak autobusez egitea edo auto partikularrean, jokalariak nork zaindua izatea edo aurkariaren fisioa besterik ez egotea zelaian esku bat botatzeko. Ez da gauza bera. Horregatik, ez dago batere gaizki zarauztarrek sailkapenaren erdi aldean jarraitzea, 7. postuan, 9 punturekin.

Gaztedik lehen zatian irabazi zuen partida. Bigarren erdian, zarauztarrak saiatu ziren dakiten errugbia  jokatzen, baina berandu zen.

Partida ez zen gaizki hasi zarauztarrentzat. 0-3 estreinatu zuen markagailua Carlos Estradak hasi eta 5 minutura, zigor ostikadan asmatuta. Hurrengo ordu erdian ordea, lau entsegu egin zituen Gaztedik. Lehen biak, Lohan Potgieter-ek, Gaztediko 6-ak. Zarauztarren lerroa hautsita lehenengoa eta melé-a bultzata bigarrena. Zaleek “zaldun ilehori” ezizenez bataiatutako Potgieterrek eta Gasteiztarren ostikada guztiak bota zituen Winrey Duwayne Stoffels-ek aparteko protagonismoa izan zuten partida osoan eta nahikoa lan eman zieten zarauztarrei. Gaztediren beste bi entseguak Unai Beristainen eta Javier Romeroren eskutik etorri ziren, zarauztarren defentsa lerroa hautsita bi kasuetan. Bi taldeek egin zituzten akatsak. Gasteiztarrek beste 6 puntu egin zituzten zigor kolpe bana lortuta. Zarauztarrek, berriz, apenas atera zieten probetxurik Gaztedik galdutako baloiei. Lehen zatia amaitzear zela iritsi zen Zarautz entsegu lerrora. Gasteiztarrek gogor, gogorregi, defendatu zuten erasoa eta epaileak zigor entsegua seinalatu zuen zarauztarren alde. 26-10 amaitu zen lehen zatia.

Bigarren zatian, Zarautz, lehen 40 minutuetan baino askoz hobeto aritu zen. Gaztedi bat gutxiagorekin hasi zen, lehen zatiaren amaieran 1-ak txartel horia ikusi zuelako. Jokoari bizitasuna eman eta erasoari ekin zioten zarauztarrek. Touche-an fin ibili ziren eta lehen saiakeran asmatu ez arren, 65. minutuan borobildu zuten ohikoa duten jokaldia: baloia albotik atera, maul-a osatu eta entsegua Facundo Orivek. Carlos Estradak transformazioa eta 29-17 markagailuan. Gaztedik bigarren txartel horia eta  bat gutxiago berriz ere zelaian. Zarautzek behin eta berriz bilatu zuen entsegua: touche-an baloia aterata, mélé-ak irabazita, baina ezin borobildu. Nekeak erasanda zeuden gasteiztarren akatsak ere ez zituzten aprobetxatu. Zarauztarrek eskura izan zuten hirugarren entsegua, baina ez zen posible izan eta 80 minutuak beteta zeudela, azken jokaldian oraindik beste 3 puntu egin zituzten gasteiztarrek, zigor kolpez. 32-17 azken emaitza eta… pena!

Eguberrietako etenaren aurretik, hurrengo hitzordua, datorren asteburuan Astin, Hernani liderraren aurka. Ateak zabalik bada, beltzek beharko dute zaleen babesa. Ikuslerik gabe balitz, youtuben ikusgai.

Bultza Beltzak!

Garbiñe Uria

Argazkiak: Ibon Saenz

Osorik irakurri