Kronika: Zuek etxerako

Erabiltzailearen aurpegia
(Zarautz Rugby Taldea)

Bederatzi asteren ondoren, garaipena eskuratu du Zarautz Rugby Taldeak asteburuan etxean. 18-10 gailendu ziren Avileseko (Espainia) Pasek Belenosen aurka. Jarraian daude irakurgai partidaren nondik norakoak.

1, Beñat Casado; 2, Jokin Beloki; 3, Ugaitz Agirre “Takolo”; 4, Mikel Larrañaga; 5, Joanes Zendoia; 6, Jose Larrañaga; 7, Jon Eceiza “Txortxi”; 8, Urko Zumeta; 9, Jokin Elustondo; 10, Juan Sorreluz; 11, Beñat Urresti “Gato”; 12, Mykhailo Hutsol “Mija”; 13, Unai Elustondo; 14, Jorge Peruchena; 15, Iosu Valenciano “Torero”; 16, Eneko Urretavizcaya; 17, Xabat Larrea; 18, Iker Etxaniz; 19, Facundo Orive; 20, Beñat Arroyo; 21, Eduardo Lacalle. Eta min hartuta, hesiaren beste aldean, Carlos Estrada eta Mateo Bast. Entrenatzaile, Xabi Castaño. 

Larunbatean ikusi genuen Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldea direla. Irabazi egin zuten, eta nola, Avileseko Pasek Belenosen aurka, 18-10. Hori zioen bukaeran markagailuak, baina zenbakiek ez dute balio Astin gertatu zena ulertzeko. Zarautzek 9 aste zeramatzan garaipenik gabe, korapilatuta, estu. Larunbatean, harrobiko jokalariekin bakarrik aritu zen. Urteak halakorik gertatzen ez zena. Eta Astin hazitako jokalari gazteek eman zioten arnasa taldeari. 21 urte, bataz besteko adina. Dena eman zuten. Pasioz, garaipen gosez, taldearen indarrean sinistuta, urtetan ikasitako errugbia jokatuz.  Eta ezinezkoa zirudiena gertatu zen. Asturiarrek 14 atzerritar zaildu ekarri zituzten, baina estropezu egin zuten Astiko lokatzean.

Ez zen erraza izan. Asturiarrak lehen jokaldian hasi ziren puntuak biltzen. Zarautzek falta, eta 0-3, Tomás Rocamanek zigor ostikadaz.

Inor ez zen kikildu eta zarauztarrak errugbira jokatzen hasi ziren: ausart erasoan, eta sendo defentsan, Belenosen maul –ari aurre eginez, besteak beste, lehen minutuetan. Belenosek eskura izan zuen lehen entsegua, 8. minutuan, baina zarauztarrek gogor eutsi eta baloia berreskuratu zuten. Lehen bi mélé-ak ere etxekoentzat eta Zarautz, taldean, aspaldiko errugbirik onena jokatzen. Mélé-a 5 metrora eta lehen entsegu aukera Gesalaga Okelanentzat. Ez zen posible izan, baina hurrena bai: Baloia albotik atera, touche-an, 22metrotik eta erasoari ekin zioten taldean. Asturiarrak gogor defentsan, baina zarauztarrak gogorrago erasoan eta  21. minutuan, Mikel Larrañagak lortu zuen partidako lehen entsegua. Ondo borrokatutakoa. 5-3, etxekoak aurretik markagailuan eta zelaian. Hotz egiten zuen Astin, zelaia lokaztuta zegoen eta Belenoseko elastikoarekin ari ziren argentinarrak ez zeuden eroso. Zarauztarrak berriz, ondo ari ziren oso, euritan eta lokatz artean, eta ondoen ari zirenean, txartel horiak jokalari bat gutxiagorekin utzi zituen. 10 minutu arriskutsu atsedenaren aurretik. Belenosek ez zuen aukera galdu eta 35. minutuan, touche-a 5 metrora, maul-a, eta baloiarekin ihes egin zuen Tomas Bravok hagen erdiraino. Entsegua, transformazioa eta asturiarrak berriz aurretik: 5-10. Zarautzek ez zuen etsi, zortea ere aldeko, beste entsegu aukera bikain bat izan zuen, 5 metrora ateratako azken touche-an. Entsegu marraren gainean, asturiarren defentsan zuloa bilatzeko baloia albora bota nahi,  baina ostikadak ez dira beti ondo ateratzen eta ez zen posible izan. 5-10 atsedenaldian.

Dena zabalik, bigarren zatiaren hasieran. Belenos, zarauztarrei tamaina hartuta, hobeto jokatzen hasi zen, baina Gesalaga Okelanek ez zuen indarrik galdu. Urko Zumeta touche-ak borrokatzen, Jokin Beloki mélé-ak gidatzen, eta taldea serio erasoan eta defentsan, bietan. 51. minutuan, asturiarrek ikusi zuten txartel horia eta zarauztarrek ez zuten denbora alferrik galdu: hurrengo jokaldian, touche-a 5 metrora, baloia atera eta erasoa, bizi. Asturiarrak oso gogor defentsan, baina zarauztarrek barkatu ez, eta Juan Sorreluzek entsegua, gorputza luzatuta, zelai ertzeko marraren gainean, ozta ozta. 10-10.  Berehala hurrengoa: Urko Zumeta izan zen oraingoan, asturiarren defentsan zuloa ikusi eta indartsu ihes egin zuena. Entsegua, eta 15-10.  Hori gutxi ez, eta beste 3 puntu gehiago segidan. Zigor ostikada zelai erditik Iker Etxanizek, oso fin, eta 18-10. Zarautzek 13 puntu egin zituen 10 minutuan eta partida irauli zuen.  Oso luze joan ziren 20 minutu besterik ez bukaerarako. Eutsi beharra zegoen. Belenos ahalegindu zen, baloiarekin lortu ezin zuena baloirik gabe bilatzen eta jokoa zakartu egin zen une batzuetan. Tentsioa zelaian, asturiarrak haserre eta zarauztarrak zeukaten indarra eta ez zeukatena, dena ematen, baina burua hotz . 18-10 bukatu zen partida, ez guk nahi baino lehenago. Gesalaga Okalaneko jokalariak, hustuta eta pozez txoratzen. Aspaldian ez bezalako besarkadak, poz oihuak eta txaloak zelaian. Eta malkoak begietan. Hori ezin da zenbakiekin esplikatu. Ezin da azaldu zergatik den horrela errugbia, zergatik pizten duen horrela bihotza eta zergatik taldearen indarrak hainbeste dezakeen, bidea topatzen duenean.

Zarautzek 4 puntu gehiago ditu sailkapenean, baina puntu horiek baino askoz gehiago lortu zuen larunbatean: Konfiantza berreskuratu zuen. Fedea. Eta fedeak, dena dezake. Horrek lagunduko die, zenbakiek baino gehiago, Universitario Bilbaori aurre egiten otsailaren 21ean Astin, ligako lehen zatiaren azken jardunaldian. Harmailetako berotasunaren faltan, senti dezatela errugbizaleen oihua: Bultza Beltzak!

Garbiñe Uria

Argazki gehiago: https://flic.kr/s/aHsmU9MsXF