Ezer ez da berdin

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2021ko mar. 17a, 09:43

Dena da diferente, irabazten denean.

24-22, larunbatean, Astin, azken segundoan, Eibar errugbi taldearen aurka. Joanekoa galdu egin zuen Zarautzek Unben, baina ligaren bigarren zatia hasi da eta orain ezer ez da berdin. Lehia, sailkapenaren erditik beherako taldeen artekoa da eta mailari eustea dago jokoan. Horregatik, larunbatean irabaztea garrantzitsua izan zen oso.

Zarauztarrek Gesalaga Okelanen elastikoa estreinatu zuten eta akaso babes horrek ere lagundu zien. Partida hasi orduko erakutsi zuten zer asmotan zetozen: Urko Zumetak eibartarren lerroa hautsi, defentsa engainatu eta entsegurako pasea Sebastian Sedrani. Juan Sorreluzek transformatu eta 7-0  markagailuan, 5. minuturako. Bikain. Zarautzek garaipen gosea zuen, baina Eibarrek jokalari handiak eta sendoak.  Eibartarrak gehiago ziren mélé-an eta horrek eman zizkien partidako 3 entseguak. Lehenengo biak hurrengo 10 minututan. Joseph Kolomalu eta Mounga Taufateau entsegugileak eta Anton Bowdek transformazioa.  7-12, Eibar aurretik partida hasi eta ordu laurdenera.

Hurrengo minutuetan, Zarautzek ondo jokatu zuen erasora, baina ezin gerturatu entsegu marrara. Ondo aritu zen defentsan, baina askoz jokalari indartsuagoak zituen aurrean. Kontrako kolpe asko eta mélé-an beti galtzaile. Halaxe etorri zen Eibarren 3. entsegua ere, 5 metroko marraren gainean jokatutako mélé-tik  baloia aterata. 7-19, Eibarren alde, Franco Maggiolo eta Anton Bowdi esker. Lehen zatiaren azken minutuetan Eibarrek arriskua sortu zuen Zarautzen zelaian, baina beltzek eutsi eta salbatu zuten. Hori baino gehiago, aldea gutxitzeko aukera aparta izan zuten azken minutuan, 5 metrora jokatutako touche-an, baina ez zen posible izan.

7-19 hasi zen bigarren zatia eta 24-22 amaitu partida. Horrek nahikoa esaten du. Ezer ez zen berdin izan bigarren zatian. Zarautzek aldaketak egin zituen aurrean eta mélé-ak irabazten hasi zen. Eibarrek jokalari batzuk galdu, eta zarauztarrak hazi egin ziren. 22 metrotik baloia touche-an atera eta maule-an, Ugaitz Agirre entsegu marraraino iritsi zen. Epaileak ez zuen ontzat jo, baina hurrengo jokaldian etorri zen saria. Bizi atera eta Mikel Larrañagak egin zuen entsegua. Carlos Estradak transformatu eta 14-19, Zarautz partidan sartuta. 53. minutua zen. Saiatu arren, Eibarrek ez zuen lortu entsegu marraraino iristea eta zigor kolpez lortu zituen bigarren zatiko puntu bakarrak.14-22. Partida bizirik oraindik. Eta orduan dena jarri zitzaien alde zarauztarrei, baita haizea ere. Amaitzeko 10 minuturen faltan, mélé-a 5 metrora eta, indarrez, Xanti Irazustak Gesalaga Okelan Zarautzen 3. entsegua. Carlos Estradak ostikada eta 21-22. Zarauztarrak piztuta. Partida amaitzear eta zigor kolpea alde, 40 metroko marraren gainean. Carlos Estradak hartu zuen erantzukizuna eta baita asmatu ere: 3 puntu erabakigarri partida irabazteko eta urratsa, sailkapeneko azken postuak salbatzeko. Liga amaitzeko falta diren 4 partidak banan-bana jokatu beharko dira. Hurrengoa, Galizian, Ferrolen aurka, martxoaren 20an. Ezer ez da berdin, baina taldeak zaleen hauspoa behar du oraindik.

Horregatik, Bultza beltzak!!

16 urtez azpikoak

Bueltatu da errugbya 16 urte azpiko kategorian dabiltzan neska-mutilentzat. Aurtengoan ere Mutrikuko errugby taldearekin osatu dugu taldea. Esperientzia handiko jokalari eta hasi berrien nahasketa  dugu urtero bezela.

Larunbat goizean Arrasate taldearen aurka izan genuen partida.  Hasieratik partidan sartuta zelairatu ziren jokalariak, elkarren aurpegietan poztasuna eta ilusioa ageria zen. Partida polita izan zen eta hasieratik amaierara jaun eta jabe gure jokalariak. Hasi berriei minutu gehiago eman genizkien komfidantza eta esperientzia hartzen joateko.

Hurrengo partida martxoaren 27 an izango dugu Iruña taldearen aurka.

Garbiñe Uria