Gero eta gertuago

Erabiltzailearen aurpegia
Zarautz Rugby Taldea .(@prestaenea)

Helburuak pausoz pauso lortzen dira eta Gesalaga Okelan Zarautzek urrats izugarria egin zuen larunbatean, mailari eusteko helburura iristeko. 12-36 irabazi zion Ferroli, bere etxean. Partida Vigon jokatu arren, galiziarrak etxean ari zirelako.

Hasi orduko, lehenbiziko mélé-an metroak irabazi zituen Zarautzek eta bi touche geroago, maul-ean egin zuen entsegua Facundo Orivek. Transformazioan asmatu ez arren, 0-5 markagailuan 4. minuturako eta galiziarrak harrituta, ez zelako hura duela hilabete batzuk Zarautzen ezagutu zuten taldea.

Zarautzek defentsa sendoa egin zuen partida osoan, gehiago izan zen mélé-an eta azkar eta ondo mugitu zuen baloia erasoan. Eta ahal izan zituen puntu gehienak bildu zituen. Hurrengoak, zigor kolpez, Juan Sorreluzek: 0-8, Zarautz aurretik. Hasierako sustoa pasata, galiziarrak bere onera etorri eta jokatzen hasi ziren, aurrelarietan oinarrituta. Zarautzen zelaian jokatu ziren hurrengo minutuak, 5 metroko marraren gainean. Beltzek eutsi zioten eta arriskua salbatu ere bai, behin eta bi aldiz, baina halako batean M Agustin Gallianok hutsunea topatu eta ihes egin zuen, bakarrik, entsegu marraraino. Transformazioan kale eta 5-8. Lehen zatiari erdia geratzen zitzaion eta lehia oso parekatua zelaian. Bi taldeak ondo touche-an, zarauztarrak gehiago uztartzetan, mélé-an, eta abilago baloia eskura jokatzerakoan. Baina galiziarrak beltzei tamaina hartuta. Bi taldeek nahi zuten puntu gehiago atsedenaldiaren aurretik eta Zarautz gogotik saiatu zen. Ferrolen lerroa hautsi eta entsegua eskura izan zuten pare bat aldiz zarauztarrek, baina baloiak ihes egin zien bietan. Azkenean, 5-8 atsedenaldian eta partida zabalik.

Bigarren zatian, ikusteko, nekeak norengan zuen eragin gehien. Halakoetan, eskarmentuak asko balio du eta segurura jotzeak ere bai. Facundo Orivek soberan du eskarmentua eta Zarautzek ondo daki, touche-an ateratako baloia, maul-ean, indarrez, entsegu marraraino eramaten. Hala etorri zen entsegua, bigarren zatia hasi orduko. Juan Sorreluzek ostikada eta 5-15. Handik hiru minutura, hurrengoa: Zarautz erasoan, taldean, baloia zabalduz. Iosu Valencianok metroak irabazi zituen hegaletik, galiziarrak gainean eta zelaitik ateratzera zihoala, pasea Unai Elustondori, honek Juan Sorreluzi eta entsegua. Juanek berak transformazioa eta 5-22. Gesalaga Okelan aurrea hartuta. zarauztarrak boladan, galiziarrak buru makur eta akaso horregatik, hutsegiteak ugaltzen. Zelai erdian atera zuen touche-a Ferrolek, baina Sebastian Sedranek ohostu zien baloia eta ihesi, bakarrik iritsi zen hagen erdi-erdiraino, baloia uztera. Juan Sorreluzek ostikada eta 5-29, partida beltzen alde, amaitzeko ordu erdi faltan.

Mélé-an sortu zen orduan korapiloa eta talde bakoitzeko jokalari bana kanporatu zuen epaileak. Jokoak aurrera segi zuen ordea.

Ferrolek nahi zuen zerbait egin eta saiatu zen, baina beltzek defentsa sendoa egin zuten. Gai izan ziren 5 metroko marraren gainean baloia berreskuratzeko eta ia mélé guztiak irabazteko. Ia denak, baina ez guztiak eta 35. minutuan, Ferrolek markatu zuen, 5 metrora jokatutako mélé-tik baloia aterata. M Agustin Galliano izan zen, orain ere, eta Jorge Segurak transformatuta, 12-29. Oso emaitza ona zen zarauztarrentzat, baina, konforme ez, eta amaiera gainean zela egin zuten azken entsegua. Jose Larrañagak hegaletik eta ostikada, zaila, Iker Etxanizek: 12-36, azken emaitza.

Galizia urruti dago, baina itzulera alaiagoa irudikatzen dugu partida irabazita. Eta joan-etorria samurragoa, garaiz joan, bertan ostatu hartu eta ondo deskantsatuta. Hurrengoa, gertuago, Iruñean jokatuko dute datorren asteburuan, La Unicaren aurka. Garrantzitsua izango da hura ere, eskura dagoen helburua, are gertuago izateko.

Bultza Beltzak!

Garbiñe Uria