Bejondeizuela!

Erabiltzailearen aurpegia
(Zarautz Rugby Taldea)

Etxeko lan guztiak bukatu zituen Gesalaga Okelan Zarautzek ostiralean Astin.

46-5 nagusitu zitzaion Uribealdeari, aitzakiarik gabe. Datorren urtean ere Ohorezko B mailan, errugbiaren bigarren mailan jarraitu ahal izateko nahikoa puntu bildu eta gurutze-bidea amaituta, ostiral santu egunez pazkoa ospatzeko modua egin zuten zarauztarrek. Lastima, ospakizunik gabeko pandemia urtea izatea, Astin edo zerbeza azokaren karpan, festa eguna izan zitekeen eta atzokoa.

Partidaren lehen minutuan egin zuen Zarautzek lehenengo entsegua eta beste zazpi etorri ziren atzetik. Hasi orduko, lehenengo touche-a 40 metroko marra inguruan, baloia zabaldu eta Sebastian Sedranek, Uriberen defentsa guztiei ihes eginda, hagen erdi-erdian utzi zuen baloia. Carlos Estradak ostikada eta 7-0. Oso antzerakoa, bigarrena, segituan. Oraingoan Urko Zumetak egin zituen 5 puntuak, aurretik, zirenak eta ez zirenak, denak apartatu eta metro dezente bakarrik eginda. Estradak transformatu eta 14-0 markagailuan, hasi eta 10 minutura. Zarautz eroso, Uribek jokalari indartsuak izan arren. Partida Uriberen zelaian ari ziren jokatzen eta Zarautzek zeukan baloia. Hala etorri zen hirugarrena ere. Zelai erditik, eskura jokatuaz, baloia zabaldu eta bizpahiru fasetan entsegu marraraino arrimatu ziren zarauztarrak. Kolpea zarauztarren alde, touche, maul eta entsegua Facundo Orivek. 19-0, Zarautz aurretik. Hurrengo minutuetan etorri zen Uriberen aukera. Saiatu ziren eta iritsi ere bai zarauztarren 5 metroko marrara, baina huts egin zuten pasean, baloia galdu eta hortxe amaitu ziren Uriberen ahaleginak. Atsedenaldiaren aurretik, beste bi entsegu egin zituzten zarauztarrek. Kolpea Zarautzek, baloia touchera, zabaldu eta Jose Larrañagak entsegua. Hurrengoa berriz, Eduardo Lacallek, zelaiaren ertz-ertzean, Uribek ateratako touche-an baloia lapurtu eta zabalduta. 29-0 atsedenaldian eta nahikoa argi zelaian nor ari zen agintzen.

 

Lehen zatiaren segida izan zen bigarrena. Zarautz lasai, errugbia talde jokoa dela erakusten. Defentsan sendo, touche-an oso ondo eta behar zenean eskura, baloia bizi mugituaz. Gesalaga Okelanen seigarrena, beltzen jokaldi klasikoak ekarri zuen: touche, maul eta barrura, Facundo Orivek. Uribe baloirik gabe, zelaian galduta eta epailearen erabaki zenbaitekin haserre. Zarautzek beste bi entsegu, partida amaitu aurretik. Iker Etxanizek zazpigarrena, Juan Sorreluzen pase bati etekina aterata eta Jon Ezeizak zortzigarrena, Xanti Irazustak, Uriberen defentsei izkin eginda irabazitako metroei errematea jarriaz.

46-0 eta 10 minutu eskas amaierarako. Zarautzek beste aukera bat gehiago ere izan zuen oraindik, baina ez zen atera. Uribek baloia lapurtu eta erasoari ekin zion. Bigarren zati osoan lehenengo aldiz pasa ziren bizkaitarrak 20 metroko marratik eta entsegua egiteko izan zen, 80.minutua jotzear zela. 46-5, azken emaitza.

 

Zarautzek urtea salbatuta. Uribek, aldiz, borrokan segi beharko du azkenera arte, La Unicarekin eta Ferrolekin batera. Jardunaldi bakarra geratzen da denboraldia amaitzeko. Bilbon jokatuko du Zarautzek, datorren larunbatean, Valtecsaren aurka, baina puntuak bakarrik izango dituzte jokoan. Urteko helburua, mailari eustea, ostiralean lortu zuten beltzek, harmaila hutsen aurrean. Horregatik estimatu zen hainbeste, segurtasun arauak errespetatuz, hesiaren kanpoaldetik eta autopistako zubipean txalo egin zuten lagunen hauspoa. Jokalarientzat ziren txaloak. Baita Xabi Castaño eta Facundo Orive entrenatzaileentzat ere eta, nola ez, urte zail honi aurre egiteko lan egin duten errugbi taldeko arduradun eta laguntzaileentzat. Bejondeizuela denoi! Zorte apur batekin, udazkenean itzuliko gara Astira, 3. denbora jokatzera. Ea egia den!

 

Bultza Beltzak!

 

Garbiñe Uria

Argazkiak @prestaenea: https://flic.kr/s/aHsmV9tHbs