Amets egiteko hegoak

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2022ko urr. 20a, 14:00
Getxo eta ZRT lehian. (Argazkia: Prestaenea)

Nork esango zukeen duela hilabete batzuk: Zarautz eta Getxo, parez-pare errugbi zelaian. Hala gertatu zen larunbatean Astin. 19na amaitu zuten, baina Gesalaga Okelanek eskura izan zuen garaipena. Beltzak aurretik joan ziren partida osoan, eta, oro har, gehiago izan ziren; nahiz, denbora betea zela, Getxok berdinketa lortu. Zaletasuna suspertzeko errugbi arratsaldea izan zen, baina amaieran, euforia gutxi zen zelaian. Beltzei garaipenak ihes egin zien eta Getxotarrek uste gabeko estuasuna pasa zuten. Harmaila, aldiz, zutik, txaloka eta eskertua, Gesalaga Okelanek, jarrerarekin eta talde-lanarekin, amets egiteko bidea eman zielako.

Lehenengo zatian, Beltzek aurpegia eman, eta hortzak erakutsi zizkioten Getxori. Entsegurik ez, baina Gesalaga Okelanek 9 puntu bildu zituen, hirunaka, zigor kolpe bidez. Getxok bakar bat ere ez. Beltzen ostikadak Carlos Estradaren kontu izan ziren eta 10a fin ibili zen, beste behin. Zarautz oso seguru alboko sakean, touche-an, eta amore eman gabe uztartzean, mélé-an. Getxok oso baloi gutxi izan zuen partida hasieran eta ez daude ohituta, nonbait. Lehen zatiaren erdi aldera, lehenengo txartel horia ikusi zuen Getxok eta bost minutura, bigarrena. Beste bi ere etorriko ziren lehen zatia amaitu aurretik. Zarauztarren aukera zen, entsegua egin eta aldea zabaltzeko, baina ezin izan zuten. Lehen saiakeran, alboko saketik maul-a osatu, eta entsegu marra pasa zuten, baina bizkaitarrek eragotzi zuten baloiak belarra ukitzea. Beste bi saiakera ere bai, entsegu marraren gain-gainean, baina gogor saiatuta ere, ezin. Entsegurik ez Zarautzek, ezta Getxok ere. Lehen zatia amaitzear zela jo zuten bizkaitarrek erasoa eta marratik pauso batera egon ziren, baina halakoetan ohi duenez, Gesalaga Okelanek taldean egin zuen defentsa. Aurrelariak eta lerroan aritzen direnak, denak oso gogor, eta bizkaitarrek ez zuten lortu. 9-0, Zarautz aurretik atsedenaldian eta harmaila txaloka, Getxori irabaztea ametsa ez baino, aukera erreala zelako.

Bizkaitarren aldagelan ez zen giro izango atsedenaldian. Getxo piztuta atera zen bigarren zatian. Baloia eskuratu zuten eta halakoetan jokaldi guztiak dira arriskutsuak, baina Beltzek behin eta berriz lortu zuten bizkaitarren erasoa etetea eta baloia berreskuratzea. Getxok bere jokoa ez harilkatzea, hori zen gakoa, eta unerik arriskutsuenean, gertatu zen: Carlos Estradak eta Sorreluz anaiek elkarrekin egindako jokaldian, zarauztarrek Getxoren defentsa hautsi, eta Martin Sorreluzek hagen erdi-erdian utzi zuen baloia. Estradak gauzatu eta 16-0. Ametsa, eskura. 20 minutu falta zitzaizkion partidari eta eustea zen kontua. Getxok, ordea, izena du, eta izana ere bai, eta ez zeuden barkatzeko. Uztartzea, Getxoren alde, entsegu marratik bost metrora, baloia atera eta erasoa jo zuen Getxok behin, eta berriz, eta berriz, Beltzen defentsa hautsi arte. Entsegua Getxorentzat, baina gauzatzerik ez. 16-5 markagailuan eta txartel horia zarauztarrentzat.

Beltzak, burua hotz, eta beste 3 puntu zigor ostikadaz. 19-5, 74.minutuan. Posible zen! Sinistuta geunden, baina Getxok tradizioa eta eskarmentua ditu errugbian eta Zarautzek ez hainbeste. Getxoren bigarren entsegua segidan, 19-12. Partidak amaitzear behar zuen, baina luzatu egin zen eta nola! Luzapen amaigabea. Zelaian, jokalariak hustuta, baina borrokan. 88. minutuan, azken jokaldian, Getxok entsegua eta transformazioa, ostikada zail batean. Bonboa, sirena eta buila, dena isildu zen, segundo bat lehenago lehertzear zegoen harmailan. Getxoko zaleak ere ia ez ziren ausartu ezer ospatzera. 80 minutu atzetik joan eta gero, Getxok berdinketa lortu zuen: 19-19 azken emaitza. Amaiera gazi-gozoa Gesalaga Okelaneko jokalarientzat, nahiz duela hilabete, pozik sinatuko zuketen. Benetako kaltea, Ugaitz Agirrek min hartzea izan zen. Hurrengo astetan faltako da eta osatzeko animoak, hemendik.

Berdinketak bina puntu eman zizkion talde bakoitzari eta Zarautzek laugarren segitzen du, Espainiako errugbiaren bigarren mailan, Santander, Hernani eta Getxoren atzetik.

Gainontzeko taldeei dagokienez, bigarren taldeak 7-14 galdu zuen Bera-Beraren kontra; 18 urtez azpikoek 81-0 irabazi Arrasateren aurka eta 16 urtez azpikoek ere irabazi, 57-7 Arrasate-Eibar-Mutriku konbinatuaren parean.

Senior taldeak astebeteko atsedena du orain, eta hurrengo bi partidak Santanderren eta Hernaniren aurka jokatuko ditu. Urriaren 30ean Kantabrian eta azaroko lehen asteburuan, Astin. Biak, aurrera ateratzeko modukoak, orain baditugu eta hegoak, amets egiteko. Bultza Beltzak!!