Haizea alde

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uriain 2022ko aza. 15a, 10:00
Bera-Bera eta Gesalaga Okelan Zarautz taldeen arteko partida. (Prestaenea)

Baikortasuna sumatzen da: giro bat, intuizio bat, itxaropen bat; ez da erraza azaltzen, baina hor dago, Zarauzko errugbi taldearen inguruan. Arrimatzen den edonork igarriko du. Kote Olaizola zelaian ere nabaritu zen igandean, Bera-Beraren aurka, sendo, 0-43 irabazi ondoren.

Behobiaren eguna izanagatik ere, Beltzen jarraitzaileek bete egin zuten harmaila, eta partida amaieran, zutik omendu zuten taldea, protokolotik harago. Gesalaga Okelan Zarautz 3. da orain sailkapenean, Getxo eta Santanderren atzetik eta estatuko bigarren maila osoan puntu gutxien jaso duen taldea da. Ez dago batere gaizki.

Beltzek asko sufritu izan dute Bera-Beraren zelaian, horregatik hain gozoa igandeko garaipena. 0-43 emaitzak ondo adierazten du gertatu zena. Gesalaga Okelanek 6 entsegu eta zigor ostikada bat egin zituen; baloiaren jabe izan zen ia partida osoan; uztartzeetan eta alboko sakeetan jaun eta jabe, eta defentsan, Bera-Berari arnasa hartzen utzi gabe aritu ziren Beltzak.

Partida hasi orduko markatu zuen Zarautzek. Aurrelarien lana izan zen; entseatuko jokaldi polit bat eginda atera zuten baloia albotik eta berehala, Joanes Zendoiak egin zuen entsegua. Ostikadak, igandean, Carlos Estradaren kontura joan ziren eta 0-7, 4. minuturako. Hurrengo jokaldietan, beste bi aldiz gerturatu ziren Beltzak Bera-Beraren entsegu marrara, baina ez zuten lortu. 17. minutuan, 3 uztartze segidan egin eta gero, 4.enean, baloia atera eta bi pasetan, Ander Aristi Camarak utzi zuen baloia marraren beste aldean. Ostikadaz gauzatu, eta 14-0. Hirugarren entsegua ere, aurrelarien kontua izan zen. Mikel Eceizak lortu zuen, indarrez, baloia marraren gainetik pasatzea; eta berak borobildu zuen, aurretik, hiru-laurdenek baloia zabalduta egindako lana. Handik oso gutxira etorri zen Bera-Beraren lehen aukera garbia. Zigor kolpe bati esker, Beltzen zelaian kokatu zuten baloia eta uztartzea, mélé-a, osatu zuten zarauztarren marratik 5 m-ra, makilen erdi-erdian. Bera-Berak eskura zuen lehen entsegua, baina uztartzean, Zarautzek irabazi zion baloia. Behin nahikoa ez, eta bitan gertatu zitzaien hori donostiarrei lehen zatian amaitu aurretik, eta, zalantzarik ez, taldearen konfiantza txikitzeko modukoa izan zen. Zarautzek beste 3 puntu batu zituen oraindik zigor kolpe bati esker, eta 0-24 iritsi zen atsedenaldira. Gesalaga Okelan erabateko nagusitasunez eta lasai, nahiz bizpahiru entsegu aukerek ihes egin.

Bigarren zatiaren hasieran, Bera-Berak lortu zuen baloia eskuratzea. Beltzek kolpeak pilatu zituzten bata bestearen atzetik eta partidako txartel hori bakarra ikusi zuten. Zarauztarrak bat gutxiago zelaian, eta donostiarrek orduantxe aprobetxatu zuten erasoa jotzeko. Bera-Bera entsegu marraren gain-gainera iritsi zen, baina Beltzek gupidarik gabeko defentsa antolatu zuten eta Bera-Berak ezin izan zion etekinik atera egoerari. Gesalaga Okelanek berreskuratu zuen baloia eta segidan etorri zen 4. entsegua. Kasu honetan, 22an, alboko sake batean hasitako jokaldia izan zen; baloia eskura zabaldu eta Martin Sorreluz Uriak egin zuen marka. Estradak ostikadarekin asmatu eta 0-31. Lau entsegurekin eta kontrako punturik gabe, Gesalaga Okelanek partida itxita zeukan, baina jokaldi ederrak ikusi genituen oraindik, zelaian baloia alderik-alde eskura jokatuz. Erdipurdiko pase batzuk ere bai, baina dabilenari pasatzen zaio, eta partida osoan baloia duenak, kale egiten du tarteka. Gesalaga Okelanen bosgarrena Sorreluz Uria anaien artean egin zuten. Juanek pasea eta Martinek ihes, baloiarekin, Bera-Beraren defentsari iskin eginda. Transformazioa, eta 0-38. Behin puntuak biltzen hasita, zaila da asetzea, eta partida amaitzear zela, 6. entsegua Zarautzek, eskarmentua erakusten duen jokaldian: Aner Larrañaga Ojangurenen kontua izan zen. Plakatu egin zuten aurrena; baloia askatu, eta bizi, altxa, eta berak hartu zuen berriz baloia; jokaldiak jarraitu eta ruck-a osatu zen, baloia libre geratu eta Anerrek harrapatu zuen atzera; inor ohartzerako, entsegu marran zegoen. 0-43 azken emaitza eta zarauztarrak pozik.

Gesalaga Okelanek 5 puntu lortu zituen asteburuan: irabazteak ematen dituen laurak eta 3 entsegu baino gehiagoko aldearekin irabazteari esker, 5.a. Igandeko Bera-Bera ez zen garai batean ezagutu genuen taldearen itzala ere; Gesalaga Okelanek aldiz, aparretan dirudi, hego haize leunak bultzata bezala. Atseden hartuko dute hurrengo astean, eta azaroaren 26an itzuliko dira Astira, Iruñeko La Unicaren aurkako partida jokatzera. Ez dakigu haizeak nondik joko duen, baina aldeko izaten jarrai dezala! Zaleek laguntzen dute horretan eta harmaila beteta ikusteak ere bai. Han egingo dugu topa, 3. denboran. Bultza Beltzak!