Onenak bezala

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2022ko aza. 28a, 09:30
Gesalaga Okelan eta La Unica taldeen arteko norgehiagoka. (Zarautz Rugby Taldea)

Talde onei gertatzen zaie: baldintza kaskarretan eta egun txarra izanda ere, irabazteko gai izatea. Halako zerbait gertatu zitzaion Gesalaga Okelani larunbatean, Astin.

Taldeak ez zuen bereziki ondo jokatu, bi txartel hori ikusi zituzten, zelaia lokaztuta zegoen eta harmailak ez zuen beste zenbaitetan adina bultzatu, baina, hala eta guztiz ere, etxekoek 6 entsegu egin zituzten, eta 38-0 garbi batekin irabazi zion Zarautzek Iruñeko La Unicari. Beltzek primeran egin zituzten etxeko-lanak, eta sailkapeneko 3. lekuan jarraitzen dute 21 punturekin. Getxo eta Santander bakarrik dituzte aurretik. Markagailua hutsean, beste behin, eta kontrako puntu gutxien jaso dituen taldea izaten segitzen dute bigarren maila osoan. Aitzakiarik ez, beraz.

Garaipenaz gain, larunbatekoak beste bi albiste on utzi zituen. Batetik, Gervasio Aldao ezagutu genuen. Gesalaga Okelanek hiru laurdeneko lerroa indartzeko fitxatu berri duen jokalari argentinarra. Ia bi metro luze eta ostikada indartsua, baloia 50 metro urruntzeko gai dela erakutsi zigun larunbatean. Bigarren albiste ona izan zen, Fran Puertasek aurrelari gazteen aldeko apustua egin zuela, orain arte titular izan direnei atseden emanda, eta taldeak ez zuela igarri.

La Unicak, Zarautzen antzera, harrobian oinarritutako taldea dauka. Kemena eta bihotza erakutsi zituzten azken minutura arte, baina errugbi joko handirik ez. Horregatik, nahiz eta une batzuetan zarauztarrek defentsan serio lan egin behar izan, Gesalaga Okelanek nahikoa lasai irabazi zuen. Lehen ordu laurdenerako, 2 entsegu eta 14-0 markagailuan. Eta atsedenaldirako, 21-0. Ander Aristik egin zuen lehen entsegua, zelaiaren ertzean, epaileak ontzat jo zuen jokaldi nahasi batean. Hurrengoa, Martin Sorreluzek, hiru laurdeneko lerroarekin eskura jokatuta. Eta hirugarrena, ezusteko jokaldi ikusgarria izan zen. La Unica ari zen erasoan zarauztarren 22 metroko lerroan. Beltzak, txartel horia ikusi berriak, bat gutxiago ziren zelaian; arrisku momentua zen etxekoentzat, baina, bat-batean, baloia lurrean, eta Sebas Sedranek ostikadaz kendu zien iruñarrei eskutik. Sebasek berak harrapatu zuen baloia, pasea Martin Sorreluzi, eta honek hagen erdi-erdian utzi zuen. Carlos Estradak transformatu zituen lehen 3 entseguak eta 21-0 iritsi zen atsedenaldia.

Bigarren zatiko lehen hamar minutuak bizi joan ziren; baloia txandaka batak zein besteak, baina kontu garbirik ez, Beltzek entsegua egin arte. 49. minutuan izan zen. Gesalaga Okelanekoek, taldean, faseka aurreratu zituzten metroak eta halako batean, Martin Sorreluzek hutsunea bilatu, pasea Ander Aristiri eta honek marka. Entseguak binaka egin zituzten larunbatean eta hurrengo biak Facundo Oriverenak izan ziren. Lehenbizikoa, berak bakarrik baloia eramanda eta hurrengoa, zarauztarren jokaldi klasikoan. Baloia alboko saketik atera, maul-a osatu eta indarrez barruraino iritsita. Carlos Estradak transformatu, eta 38-0, partidaren amaieran. Bigarren zatian, bestetxartel hori bat ikusi zuten zarauztarrek eta une horretan sortu zuen La Unicak arrisku gehien, baina ezin izan zuten punturik egin.

Emaitza nabarmena izanagatik, euforia gutxi somatu zen partida amaierako biribilean, taldeak zelaian egin ohi duen liturgia eder horretan. “Egin behar zena egin dugu eta kitto.” Horrelako zerbait. Baina partida errazik ez dago. Orain, astebeteko atsedena, eta hurrengoa ere, borrokatu egin beharko dute El Fangon, Universitario Bilbaoren zelaian. Abenduaren 10ean izango da, Durangoko Azokaren egunetan, abenduko zubiaren amaieran.

Hiru partida falta dira ligaren lehen fase hau amaitzeko eta Gesalaga Okelanek eskura du sailkapeneko lehen 3 postuetan geratzea. Horrek aukera emango lioke igoera fasean aritzeko, estatuko beste talde onenekin batera. Posible izango da, Zarautzek hurrengo 3 partidak irabazten baditu Bilbon, etxean, Oviedoren aurka, eta Uribealdean. Horiek dira etxeko-lanak. Orain arte, denak egin dituzte txukun, eta, gauzak ondo, geratzen direnak ere egingo dituzte. Ez dago kontrakoa pentsatzeko motiborik. Bitartean, ez dezatela faltan bota zaleen arnasa: Bultza Beltzak!