Bagara!

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Uria 2023ko urt. 31a, 12:30
Zarautz Gesalaga Okelan errugby taldeko jokalariak. (ZRT)

Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldeak urrea balio duen berdinketa lortu zuen Mazabi Santander Independienteren aurka igandean, San Roman estadioan.

Gesalaga Okelan Zarautzek asteburuan erakutsi du badela nor, badela gai, errugbiaren lehen mailara igotzeko lehian. Santanderren aurka 24na berdintzea gutxitxo irudituko zaio bakarren bati, baina San Romango zelaitik 2 puntu ateratzeak urrea balio du. Beltzak aurretik joan ziren minutu luzez, eta garaipena esku-eskura izan zuten; baina baita galtzeko arriskua ere, partidaren azken zatian. Horregatik, berdinketa emaitza ona da zarauztarrentzat eta ez hain ona, berdez jokatzen duten kantabriarrentzat. Partida bizia izan zen. Intentsitate handiko errugbia. Beltzek urrats garrantzitsua eman zuten zelaian eta zaleek harmailan. Autobus bete zale eraman zuten Beltzek Santanderrera. 70 pertsona, pankartak eta bonboa. Harmailaren erdia bete zuten eta Astin adinako txalo, oihu eta animo entzun zen han; baina San Roman ez da Asti. Belardiz inguratuta egon arren, zelaia artifiziala da eta neurriz, errugbi zelai gehienak baino txikiagoa. Horrek ere koska bat zailagoa egiten du Santanderren jokatzea. Jokoak erritmoa irabazten du eta zailagoa da ostikadatako distantziak neurtzea, esate baterako.

Igande eguerdia zen. Hotz, baina ateri. Partida hasi eta lehen minuturako, Zarautz berdeen entsegu marratik 5 metrora zegoen, baina ez zen entsegura iritsi. Eta gauza bera gertatu zitzaion beste bizpahiru aldiz, partidan zehar. Lehenengo uztartzea, mélé- a, ere, berehala etorri zen eta ikusi zen Zarautzi kosta egingo zitzaiola mélé-ak defendatzea. Eta ikusi zen, baita ere, Santandarrek ostikadaka jokatu nahi zuela, jokoa behin eta berriz zarauztarren zelaira eraman eta han presioa egiteko. Horrela, bizi eta fantasiarako tarte gutxirekin hasi zen partida, eta 11. minutuan, berdeen lehen entsegua, Franco Manterok. Transformazioa Matías Jabasek eta 7-0, berdeak aurretik. Gesalaga Okelani kosta egiten zitzaion baloia eskuratu eta gordetzea; baina hala ere, berdeen lerroa hautsi eta arriskua sortzea lortu zuen, kontrako egoera larriak salbatu zituen, eta beti bezain sendo aritu zen defentsan. Eta hala, grinaren eta kemenaren poderioz, 26.minutuan partida berdintzea lortu zuen. Facun Orivek entsegua, Carlos Estradak ostikada eta 7na markagailuan. Hurrengo minutuak erabakigarriak izan ziren. Berdeek kale egin zuten makiletara botatako zigor kolpe batean eta handik gutxira txartel horia ikusi zuten. Zarauztarrak bat gehiago ziren zelaian eta jokoa Santanderren entsegu marratik gertu zeukaten. Alboko sakea, maul-a, eta bigarren txartel horia berdeentzat. 2 txartel hori, eta epaileak zigor entsegua erabaki zuen. 7-14, Gesalaga Okelan aurretik, eta hortxe, beltzen aukera paregabea, aldea zabaltzeko. Saiatu ziren, baina ezin. Erabaki okerrak izan ziren batzuetan, akatsak bestetan eta entsegu marra pasatzea lortu zutenean, berdeek eragotzi zuten baloiak zelaia ukitzea, eta kale. Nolanahi, zarauztarrak irabazten iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia oraindik 2 jokalari gehiagorekin hasi zuten Beltzel, baina orduan ere ezin izan zuten abantaila aprobetxatu; aldiz, estuasuna salbatzen pasa zituzten lehen minutuak eta hurrengo puntuak Santanderrek bildu zituen zigor ostikadaz. 10-14, oraindik Gesalaga Okelan aurretik. Erasoa antolatu zuten beltzek: aurrelariak lehenbizi eta hiru laurdenak gero, ez zuten entsegurik lortu baina bai zigor ostikada eta 3 puntu, aldea zabaltzeko: 10-17. Gesalaga Okelan partidan sartuta; garaipenak posible zirudien, eta orduantxe, Santanderren entsegua. Lucas Latrónicok, 9ak, Zarauzko defentsari iskin eginda, hagen erdi-erdian utzi zuen baloia. Ostikada erraza zen eta 17- 17, berdinketa, berriz ere, 62. minutuan. Akuilua beharko balute bezala, beltzek berezkoa duten kasta aterata lortu zuten, beste behin, aurre hartzea. Pedro del Tornok entsegua, Estradak ostikada eta 17-24, partida bukatzeko 10 minuturen faltan. Garaipena eskura, baina lehen zatiaren amaieran Santanderri bezala, orduantxe korapilatu zitzaizkion gauzak Gesalaga Okelani: bi txartel hori eta kontrako zigor entsegua. 24na, bi gutxiago zelaian, eta 5 minutu amaitzeko. Santanderrek eskura izan zuen garaipena, baina ez zuten asmatu zigor ostikadarekin. Batzuetan, zortea aldeko izaten da. 24-24, azken emaitza. Bina puntu talde bakoitzarentzat. Kantabriarrak penatan eta Zarauztarrak pozik.

Taldea oso ondo aritu zen igandean eta Beltzek lehen urrats sendoa eman dute ohorezko mailarako lehian, baina borroka garestia izango da. Igandean bertan hasi ziren prezioa ordaintzen: Joanes Zendoiak min hartu zuen partidan eta Aner Larrañagak, bezperako entrenamenduan. Lehen bait lehen osatzea opa diegu. Beste nobedade bat ere bada taldean: Jon Ander Puertas, eskarmentu handiko jokalaria, zarauztarrekin arituko da fase honetan, hiru laurdenen lerroa indartzeko. Igandean debutatu zuen eta argi erakutsi zuen ekarpen garrantzitsua egin diezaiokela taldeari zelaian, eta baita zelaitik kanpo ere. Taldeak gogor entrenatzen jarraituko du aste honetan, hurrengoa prestatzeko. Otsailaren 12an, igande eguerdian jokatuko dute Astin, Jaengo taldearen aurka; eta helburua da Astik gainezka egitea. Familia, lagunak, amonak eta bilobak, gonbidatu denak 12 eguerdian Astiko festara! Erakutsi errugbiaren alde epikoa, kirol zakarra dela diotenei, eta gozatu lagunarteaz, errugbiaren inguruan sortu den komunitatean. Bete dezagun Asti otsailaren 12an, bufanda beltz, pankarta eta animoz. Merezi dute eta. Bultza Beltzak!!

Gesalaga Okelan Zarautzek jokatuko dituen hurrengo partidak:

  • Otsailaren 12a 12:00H Astin. Gesalaga Okelan Zarautz-Jaen
  • Otsailaren 19a 12:00H Feixa Llargan. L’Hospitalet- Gesalaga Okelan Zarautz
  • Otsailaren 26a 12:00H Astin. Gesalaga Okelan Zarautz-S Cugat