Beste bat

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Uria 2023ko ots. 22a, 12:30
Gesalaga Okelan Zarautz Rugby Taldea eta L’Hospitalet taldeen arteko partida. (ZRT)

Gesalaga Okelan Zarautz Rugby Taldeak nagusitasunez hartu zuen mendean RC L’Hospitalet igandean, Feixa LLargan. 10-39ko emaitzarekin talde sendoa dela erakutsi dute beste behin Zarauzko beltzek.

"Bes-te-bat!" eskatu zuen harmailak hirugarren entseguaren ondoren, eta beste bi lortu zituzten jokalariek zelaian. Zarautzek 10-39 egin zuen L’Hospitaleten aurka, igandean, Kataluinan. 5 entsegu, 5 puntu etxera eta lehenengo postua sailkapenean. Brabo! Eskuzabal aritu ziren jokalariak. Eskuzabal ahaleginean, serio jokoan eta beti taldean. Kataluinarrek ezustekoa emaitzarekin, eta inbidia puntu bat ere bai, L’Hospitaleteraino joandako zaleek Beltzak nola animatu zituzten ikusita. Belar printzarik gabeko errugbi zelai idorrean, inork ez zuen min larririk hartu, eta hori ere bada garaipena.

Hospitaleteko laranjak eta Zarauzko beltzak zelaian; biek hala biek, ostikadaka hasi zuten partida. Inork ez zuen jokoa bere zelaian nahi. Puntuak biltzeko lehen aukera laranjek, 3. minutuan; baina zigor ostikadan kale, eta markagailua ez zen aldatu 12.minutura arte. Uztartzea, méléa, Hospitaleten 22ko eremuan; baloia beltzek atera, baina ezin zabaldu; joko nahasia une batez; nahaspilan, Mateo Bast aurrera, indartsu, baloiarekin, eta entsegua. Carlos Estradak gauzatu, eta 0-7, Gesalaga Okelan aurretik, hor hasi, eta partida osoan zehar. Hospitaleten indargunea bere defentsa da, baina igandean, neurriko zapata aurkitu zuten zelaian. 22 metroko eremura iritsita ere, ezin hortik pasa. Behin eta berriz eta berriz, zarauztarren defentsak geratu zituen laranjak. Eta hiru laurdenek baloia eskura jokatzen zutenean berriz, ezin harrapatu. 24.minutuan, Sebastian Sedranek ihes egin zuen zelai erditik baloiarekin; Urko Ederrak baloia zabaldu eta entsegua Juan Sorreluzek zelai ertzean. Estradak jaurti, eta 0-14 markagailuan. Izan ere, Gesalaga Okelanekoek ia dena egin zuten ondo igandean. Oso sendo aritu ziren méléan, oso fin alboko sakean, oso bizi eskura, ostikoetan asmatu egin zuten eta sekulako egonarria erakutsi zuten, jokotik harago doazen amarruetan ez erortzeko. Kontzentratuta aritu ziren uneoro eta oso akats gutxi egin zituzten. Hospitalet talde gogorra da, baina ezin izan zuten beraien jokoa egin eta zorteak ere ez zien asko lagundu. Lehen zatia amaitzear zela, 3 puntu bildu zituzten zigor kolpez, eta beste 3 ere izan zitezkeen, baina dropean, bote lasterrean emandako ostikadan, huts egin zuten. 3-17, Gesalaga Okelan aurretik, atsedenaldian.

Bigarren zatia hasi eta berehala, epaileak txartel horia erakutsi zien katalanei eta gauzak zer diren, orduantxe, zelaian bat gutxiagorekin, egin zuen Hospitaletek bere entsegu bakarra, Federico Alejandro Tucciren eskutik. Federico Leporek ostikoa eta 10-17. Entsegu baten aldea, 30 minuturen faltan... edozer gerta zitekeen. Hala ere, Beltzek patxadaz segi zuten; seguru jakin izan balute bezala, partida hura irabaztekoa zela. Hospitalet, aldiz, galduta, kaosean ordena topatu ezinik. Orduan etorri zen hirugarrena. Beltzak erasoan, taldean. Aurrelariak lehenbizi, indarrez; hiru-laurdenak gero, baloia zabaldu eta erasoa zelaiaren beste aldera; aurrelariak berriz, eta errematea azkenik: 5 metrora, Juan Sorreluzek offload pasea Sebas Sedrani eta honek entsegua. 10-22 markagailuan eta harmailan, zaleak, oihuka, beste bat nahi zutela eta. Batzuetan haizeak alde jotzen du: 65. minutuan, beste 3 puntu, Carlos Estradak zigor ostikada zail batean. 10-25. 15 puntuko aldea 15 minuturen faltan, asko okertu behar zuen partidak, Zarautz esku hutsik itzultzeko. Haizea, esan dugu, Beltzen alde:

Hospitaletek baloia, bere entsegutik bost metrora; ostikoa, baloia urruntzeko, baina Martin Sorreluz parean, hankaz oztopatu ostikada, baloia atzera entsegu eremura eta Sebastian Sedranek pausatu lurrean. Estradak transformazioa. 10-32, 70. minutuan. Partida irabazita zegoen, erasoko bonus eta guzti. Hospitaletek borrokan segi zuen ordea, eta eskura izan zuen beste entsegu bat egiteko aukera ere, 5 metrora ateratako touchean maula osatuta, baina ez zitzaien atera. Fran Puertasek aulkia astindu eta berritua eman zion zelaian zegoen taldeari; Beltzen jokoak ez zuen intentsitate apurrik galdu. 80.minutuan, Jon Ander Puertasek, bizi, lurrean hilda geratutako baloia hartu eta marraren bestalderaino eraman zuen. Gesalaga Okelanen bosgarren entsegua. 10-39 azken emaitza. Sekulako garaipena. Beste bat.

Martxoaren 11n izango da etxetik kanpoko hurrengoa, Madrilen, Alcobendas taldearen aurka. Autobusa martxan da, joan-etorria egunean bertan egin nahi duten zaleentzat. Horren aurretik, hitzordua Astin igandean, otsailaren 26an, 12:00etan. Hospitaleten, eguzkiak eta zaleek berotu zuten giroa. Datorren igandean ez da eguzkirik espero Astin. Horregatik, dena zaleen esku geratuko da. Gesalaga Okelanek S Cugat izango du aurrez-aurre eta errugbi ona ikusteko beste aukera bat eskainiko digute, seguru. Beste bat. Han espero zaitugu, Beltzak bultzatzeko eta hirugarren denbora konpartitzeko. Igandera arte, Bultza Beltzak!!!