Dena eskura

Erabiltzailearen aurpegia GarbiƱe Uria 2023ko mar. 20a, 18:00
Zarautz Gesalaga Okelan errugbi taldea (Prestaenea)

Gesalaga Okelan Zarautzek garaipena lortu zuen Getxoren aurka, 12-8ko emaitzarekin, norgehiagoka gogorra eta estua jokatu ondoren Astiko zelaian.

Asteburuko erronka Getxori irabaztea zen eta Gesalaga Okelan Zarautzek ondo egin zituen etxeko lanak larunbatean, Astin. 12-8 amaitu zen partida eta emaitzak erakusten du partidua nola joan zen: estu, gogor eta oso parekatua. Errugbi dotore gutxi eta entsegu bakarra ikusi genuen partida osoan, baina Gesalaga Okelanek bere lana egin eta 4 puntu bildu zituen. 20 ditu orain sailkapenean eta bigarren lekuan jarraitzen du, Alcobendasen atzetik. Bi partida geratzen dira fase hau amaitzeko. Lehenengo laurek igoera faseko final aurrekoak jokatuko dituzte eta Beltzek oso eskura dute denboraldi hasieran pentsaezina zirudiena: lehenengo mailara igotzeko aukera borrokatzea.

Larunbat arratsaldeak euritara jo zuen, baina, hala ere, Astiko harmaila bete egin zen eta horrek asko esan nahi du. Zarauztarrak zelai bustian aritu ziren, aspaldiko partez; Getxo, baina, ohitua dago fadura hezean jokatzera eta bere helburua, denboraldi hasieratik, lehenengo mailara itzultzea izan da. Gaur gaurkoz, oso zaila dauka, baina bizkaitarrak irabaztera etorri ziren Astira. Getxok oso jokalari onak ditu eta oso ondo aritzen da errugbian. Horregatik, zarauztarren estrategia segurura jokatzea izan zen. Ohikoa duten defentsa indartsua, eta faltak baliatzea puntuak egiteko. Eta halaxe, lau kolperi, lau zigor ostikadari esker irabazi zuen partida Zarautzek, entsegu bakar bat egin gabe. Lehen zatian, baloia Getxorena izan zen batez ere, eta inoiz iritsi ziren entsegu marratik gertu egotera, baina Beltzek jakin zuten arriskua salbatzen eta, oro har, jokoa euren 22ko eremutik kanpora eramaten. Talde osoak egin zuen defentsa lan ikaragarria, getxoztarrek baloia eskura jokatzeko aukerarik izan ez zezaten. Faltak, zigor ostikadak, berriz, Carlos Estradak bota zituen. Lehenbizikoa, partida hasi orduko: 3-0. Bigarrena, 36. minutuan 6-0, eta atsedenaldiaren aurretik, Getxoko Peio Arratek euren aldeko kolpea: 6-3. Eta hori izan zen lehen zatiko ikuskizun guztia. Partida trabatua joan zen oso, gogorra eta parekatua; inork ez zuen arriskatu nahi eta inork ez zion uzten besteari eraso jokaldi ikusgarririk harilkatzen. Méléan, uztartzean, zarauztarrak nagusi izan ziren; alboko sakeetan bi taldeak ibili ziren fin; eta defentsan, biak aritu ziren gogor.

Bigarren zatiaren hasieran, Gesalaga Okelanek hartu zuen iniziatiba eta gogor ekin zion erasoari. Jokoa Getxoren 22ko eremuan kokatu zen minutu luzez, baina entsegua garesti zegoen, méléan kolpea lortu eta zarauztarrek makiletara botatzeko hautua egin zuten behin eta birritan. Hala lortu zuten aldea apur bat handitzea: 9-3, 60. minutuan. Bi taldeek egin zituzten aldaketak, baina partida ez zen askatu eta lehendik kateatuta zetorrena, gehiago moteldu zen. Epaileak bi aldiz eten behar izan zuen denbora: marrazainetako batek min hartu zuelako aurrena, eta Getxoko jokalari batek buruan kolpea hartuta gero. Bigarren zatian, Gesalaga Okelan saiatu zen erasoan, eta hiru laurdenek lortu zuten, pare bat aldiz gutxienez, Getxoren lerroa hautsi eta baloiarekin ihes egitea, baina ezin jokaldiak entseguan amaitu. Defentsan sendo jarraitu zuten eta lurrean baloi arriskutsuak berreskuratzea lortu zuten, baina Getxok ere nahi zuen entsegua eta edozer gerta zitekeen. 74. minutuan, beste zigor kolpe bat Beltzen alde eta 12-3. Arnas apur bat, baina ez gehiegi. Partidaren azken minutuetan, Getxok, zarauztarren 22ko eremuan sartuta, gogor ekin zion erasoari. Sufritzea tokatuko zen, amaiera arte. Beltzek, zeukatena eta ez zeukatena, dena atera zuten bizkaitarrei aurre egiteko, baina aurrez-aurrekoan, txartel horia zarauztarrentzat eta hurrengo minutuan, Getxoren entsegua zelaiaren ertzean, Gert Pieter Cronjek. Makiletara asmatu ez, eta 12-8. Hortxe amaitu zen partida, eta eskerrak! Nolanahi, oso urrats garrantzitsua Gesalaga Okelanentzat. Batetik, Getxo Astira etorri zen aurreko aldian, bizkaitarrek partida berdintzea lortu zutelako azken minutuan eta oraingoan, aldiz, zarauztarrak abantailari eusteko gai izan zirelako; eta bestetik, garaipen honek oso eskura uzten diolako Gesalaga Okelani final aurrekoak jokatzeko aukera. Larunbatean sufritzea tokatu zen, baina gozatzea ere bai. Ikusi besterik ez, partida amaierako aurpegiak, besarkadak eta txaloak. Euripean, poza nabari zen Astin. Poza, ilusioa eta kidetasuna. Zerbaiten parte sentitzeak ematen duena.

Datorren asteburuan, urrun bidaiatzea tokatu da. Zarauztik 1.000 kilometrora, Andaluzian jokatuko du Gesalaga Okelanek igande eguerdian, Almeriaren aurka. Streaminez jarraitu ahal izango da partida, baina jarraitzaile talde batek jokalariekin batera egingo du bidaia, Almeriako Juan Rojas zelaian ere Beltzen aldeko oihua entzun dadin. Dena dago eskura eta dena dago irabazteko. Bultza Beltzak!!