Erasorik ez erantzunik gabe!

Erabiltzailearen aurpegia SareFeministaZarautz 2017ko urr. 4a, 16:08

ASKI DA! Ana Belen Jimenez, 44 urteko gasteiztarra, erail du indarkeria matxistak; banatze prozesuan zegoen, eta bere bikotekide-ohia atxilotua izan da haren erailketa leporatuta. Bost egun pasa dira Sestaon bikotekide-ohiak Noelia Noemí erail zuenetik, eta bi egun gertakari hori salatzeko Udaletxe plazara atera ginenetik. Zarauzko mugimendu feministatik elkartasun eta babes guztia eskaini nahi diegu azken egunetan indarkeria matxistaren muturreko adierazpenak bizi izan dituzten emakumeen senide eta lagunei.

Horrela, aurten, Euskal Herrian, bortizkeria sexistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da; horrez gain, atzerrian beste bi emakume eta horietako baten semea erail dituzte. Beraz, zortzi euskal herritarren erailketa matxistak jazo dira 2017an; bat gehiago kontuan hartzen badugu Bilboko gizon batek Ekuadorren eraildako bikotekide ohia, Paola. Aski da! Zenbat erailketa gehiago zenbatu beharko ditugu? Zenbaki hutsak baino gehiago dira, ordea, izen bakoitzak egiten digu mina eta barru-barruan sentitzen dugu amorrua eta nazka.

Nazkatuta gaude! Nazkatuta, emakume izate hutsagatik amaigabeko indarkeria matxista pairatzen dugulako; begirada edo gutxiespenetatik hasi eta erailketetaraino. Indarkeria matxistak ez du mugarik, izan ere, sistema kapitalista-patriarkalak funtzionatzeko ezinbesteko tresna da, pertsonen arteko botere-harreman azpiratzaileak mantentzeko baliabidea. Erasoak ez dira isolatuak edo kasualak, geure jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetu eta sustatzen duen indarkeriaren isla dira. Beraz, herritar, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura ezinbestekoa da. Guztiona da erantzukizuna, pertsonala zein kolektiboa.

Pasibotasunak ez du balio, bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Hori dela eta, Zarauzko mugimendu feministak deia luzatu nahi du datorren ostegunean, hilak 5, arratsaldeko 19.00etan, antolatu den bilera irekian parte hartzeko, Parekidetasun sailak duen lokalean (Zuberoa 22). Azaroak 25a, emakumeonganako indarkeriaren aurkako eguna, bertan dugu, eta uste dugu garrantzitsua dela guztion parte hartzea indarkeria sexistaren aurka egiteko. Izan ere, denon arteko elkarlanetik ekintza politak eta eraginkorrak atera daitezkeelakoan gaude.

Ez gara bakean bizi, askotarikoak dira kolpatzen gaituzten indarkeriak: prekarietatea, indarkeria fisikoa, erailketa matxistak… Horren guztiaren aurrean, elkarlanerako eta autodefentsa feministarako deia egiten dugu; elkarrekin indartsuago garelako, erantzuteko tresnak ditugulako eta gure bizitzak jokoan daudelako!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

Urriaren 5ean animatu bilera irekian parte hartzera! Gora borroka feminista!