Martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

Zorionak Zarauzko emakumeok*!

Erabiltzailearen aurpegia SareFeministaZarautz 2018ko mar. 12a, 11:11

Zorionak Zarauzko emakumeoi eta zorionak! Mugimendu feministatik eskertza eta zorion idatzi hau helarazi nahi dugu. Mila esker benetan eta zorionak erakutsitako indarragatik! Bide luzea dugu aurretik baina indarra eta gogoa ez zaizkigu falta!

Martxoaren 12a da gaur, astelehena. Egun batzuk pasa dira martxoak 8ko leherketatik, baina orduan bizitako emozioz blaituta jarraitzen dugu. Milaka izan ginen egun osoan zehar batera edo bestera  planto egin genuen emakumeok* Euskal Herriko txoko ezberdinetan, mundua geratu genuen mundua mugitzeko!

Zarautzen ere milaka izan ginen aldarri hau babestu eta planto egin genuen emakumeok*, milaka goizean planto katean zein arratsaldean manifestazioan parte hartu genuen emakumeok*. Asko arratsaldeko bi tertulietara hurbildu ginenok, goizetik gunearen prestaketa lanetan aritu ginenok. Mugimendu feministatik eskerrak eta zorionak eman nahi dizkizuegu zarauzko emakumeoi*, eskerrak mugimendu feministatik antolaturiko ekimenetan umoretsu eta gogotsu parte hartzearren, eta zorionak zarautz geratzea lortu genuelako!

Ez da ezer amaitu ezta hasi martxoaren 8an, bidea luzea izan da eta izango, baina indarrak eta babesa eman dizkigu lanean jarraitzeko, borrokan. Egunerokoan asko gara (ostegunean argi geratu zen milaka garela zarautzen) guretik, ahal dugunetik, gure apurra egiten dugunok borroka feministan eta horretan jarrai dezagun!

Gora borroka feminista!